Lide Hernando.

Garaipena eta oinazea

2024ko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Batzuetan telesail eta telebista saioen zilbor zurrunbilotsutik burua altxa eta plataformetan aurkitu daitekeen filmen bat edo beste gomendatzea ere gustuko dut. Horrelaxe egingo dut kasu honetan, eta ez film bat, gainera, bi baizik; biak zuzendari berarenak. Zehazki, Amazon Primen topatuko dituzuen Emerald Fennell zuzendari britainiarraren Promising Young Woman (2020) eta bere azkena, Saltburn (2023), hain zuzen.

Nolabaiteko magia propioa darie Emerald Fennellen —Londres, 1985— sormenei. Zuzendari izan aurretik aktorea ere izan da; besteak beste, Camilla Shand gaztearen papera egiten ikusi genuen The Crown telesailean. Zuzendari gisa, ordea, bi izenburu soilik utzi dizkigu oraingoz; bere zigilu propio eta originalaren erakustaldi bikainak biak ala biak. Eskaini dizkigun eta gomendatzera noan bi pieza hauetan, jada, agerian uzten dizkigu bere gairik indartsuenak: boterea eta mendekua.

Promising Young Woman-ek gizonek emakumeenganako duten boterea du ardatz, eta, oro har, rape culture edota bortxaketaren kulturak gizon bortxatzaileak babestu eta emakume biktimak babesgabe uzteko makineria perfektua sortzen duela salatzen du Fennellek bertan. Saltburn-en, ordea, boterearen dinamikak beste eszenatoki bat hartzen du: kasu honetan, dirudunen eta dirugabeen artekoa da lehen lerrora ekarri duena. Boterearen erotikan ere asko sakontzen du filmak; jende askoren begietan, zoritxarrez, benetako mezua lausotu duten irudi polemikoak utziz. Nire ustetan, Fennellen helburua ez da polemika piztea izan, ordea; nahiz eta hori gerta zitekeela aurreikus zitekeen.

Mendekua ere bada zuzendariaren bi film horien leitmotiv-etako bat. Argia eta zorrotza da bi protagonisten determinazioa filmetan; kasik euren bizitza horretara soilik eskaintzeko hautua egin balute bezala. Bien amaierak zeharo ezberdinak dira, ordea. Spoilerra apur bat urratuz, eta ikusi dituenak ulertzeko moduan: batean, batek zorigaiztoko amaiera du fisikoki, baina moralki duina; bestean, ordea, amaiera fisikoki zorionekoa, baina moralki okerra. Eta, hain zuzen, esango nuke amaieraren gazi-gozo hori dela Fennellen filmografiatik atera dezakegun azken ezaugarria: bihurgunerik gabeko bide bat egin nahi denean, ez dagoela garaipenik oinazerik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.