EKOGRAFIAK

Gazako emakumeak

Amaia Garcia.
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ukrainako gerra hasi zenetik bertako errealitate gordina ikusten ari gara pantailetan, eta bertako egoeraren kontzientziazioa piztu da Europako txoko askotan. Zoritxarrez, munduan dauden beste gerrez ahaztu egin gara. Errusiak Ukraina bonbardatzen duen bitartean, Melillako hesian beste gerra batzuetatik ihesi doazen pertsonei Espainiako Guardia Zibilak egin dizkien erasoak ikusi ditugu.

Espainiako Gobernuak Marokorekin adostu du Sahara Mendebalderako Marokok duen plana babestuko duela. Hedabideetan ahaztua zegoen gatazka bat da, eta Ukrainara begira gauden bitartean gauzatu da. Beste gatazka ahaztu bat Palestinako herriak pairatzen duena da. Israelek egunero egiten die eraso palestinarrei, batez ere Gazako biztanleei. Gazan ia bi milioi pertsona bizi dira, eta bertatik irten edo sartzeko gobernu israeldarrari baimena eskatu behar diote. Horrek biztanle guztien bizitzan eragiten du, batez ere osasun tratamendu bat behar izanez gero. Egoera hori erakusten du Beatriz Lekunberriren eta Ana Albaren Condenadas en Gaza dokumentalak (Filminen, martxoaren 27ra arte). Bertan, bularreko minbizia pairatzen duten emakumeen testigantzak jasotzen dira. Gaixotasun latza da bertako emakumeentzako arrazoi askorengatik. Alde batetik, gaixotasun horrek estigma izugarria du Gazako biztanleen artean, gizarteak alde batera uzten ditu emakume horiek, eta kasu batzuetan beraien senarrak erlazioa uztera iristen dira.

Estigma sozialaz gain, arazo burokratikoak sufritzen dituzte. Gazan tratamendua lortzeko aukera gutxi daude eta gehienek Zisjordaniara joan behar dira. Horretarako, Israelgo baimena behar dute derrigorrez eta denek ez dute lortzen. Lortzeko zortea dutenek bakarrik egin behar dute ospitalerako bidea, beraien senideei gutxitan ematen dietelako baimena. Heriotza-epaia da askotan minbiziaren diagnostikoa; bizirauten dutenek ez dute etorkizun xamurra.

Ana Alba 2020. urteko maiatzean hil zen, minbizi baten ondorioz. Bere lana ez zuen amaitua ikusi. Albak eta Lekunberrik minbiziaren ondorioz ematen den errealitate latz bat erakutsi digute dokumental horretan. Emakume horiei sufrimendu asko medikuntzak kenduko dizkie, baina gizarteak eta burokraziak beste sufrimenduak saihestea zail ikusten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.