Hedabideek gertatzen dena kontatu behar dute, ez gustuko dutena». Ados al zaude? Adierazpena ez da nirea, Joaquin Sabina musikari espainiarrarena da, Público egunkariari berriki eskainitako elkarrizketa batean emana. Gizarteak, eta kasu honetan sortzaileek, jarrera aktiboa hartu behar duela aldarrikatzen zuen. Ez da etxean geratzeko garaia, haren aburuz. Tabernako lagunarteko eztabaidak pauso bat aurrerago eraman behar dira. Ez zen asteon Iruñean izandako prentsaurrekoaz ariko. Ez zuen buruan gurean maizegi gertatzen dena izango halakoak esandakoan. Koherentzia, baina, norbere ideologia baino makurragoa da. Egiazkoa denean, ez du mugarik. Muga horiek gizakiok itsasten dizkiogun konplexuak dira. Eta inkomunikazio aldi batean poliziaren esku bizitakoak ez argitaratzea jarrera mugagabea, konplexuduna eta makurra da. Koherentziarik ezaren erakusgarria.
Egunkari jakin batzuen eta sarearen bidez jaso dut Xabier Beortegi gazte iruindarraren bizipenen berri. Azken atxiloketetan haren bila ere joan ziren. Lau egun iragan zituen inkomunikatuta, eta epailearen aurretik pasa ondoren aske utzi zuten. Tratu txarrak eta tortura jasan izana salatu du. Prentsaren aurrean azaldu du nolakoak izan ziren egun haiek. Zer egin zuen eta eginarazi zioten, zer sentitu zuen eta nola. Halakorik gertatzen zaion azken pertsona izatea desio duela azaldu zuen amaitzeko.
Hedabide gehiegi dago, prentsaurrekoaren oihartzuna pare bat egunkarik eta webgunek soilik aldarrikatua izateko. Gainontzekoak ados izango dira Sabinak esandakoarekin. Baina ez dute berria zabaldu. Ez baita ideologikoki haien gustukoa izango. Eta dagoeneko ikasiak gara, egunerokoaren gordintasun eta ankerkeriari esker bada ere, kontatzen ez dena ez dela existitzen. Egia absolutuak bada, zirrikituak dauzka. Hainbat kazetari nafarrek sinatutako manifestua, abiatutako ekimena eta ikusgai jarritako webgunea zirrikitu horietako bat da. «Adierazpen askatasunak, informazioa zein iritzia emateko pertsona orok dugun defentsa eskubideak eta lanbide honetan lan egiten dugunon aldetik eskubide oro errespetatua izatearen aldeko exijentziak» elkartu ditu. Atxilotuei erakunde jakin baten bozgorailu izatea egotzi baitzaie. Komunikabideei eginiko erasoa baitago, besteak beste, azken atxiloketetan.
Ekografiak
Gertatua vs kontatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu