Arantza Gutierrez Paz.

Goooooola

2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Susmoa dut azken asteotan pairatu dudan futbol enpatxu edo gaindosiagatik izan dela, baina azken egunotan burura etorri zait gaztetan barregarria bezain ohikoa egiten zitzaidan irudi bat: igande arratsaldean, Alderdi Ederretik edo Donostiako Pasealeku Berritik bikote heterosexualak paseatzen, besotik helduta, eta gizona, libre zuen eskuarekin irrati-trantsistorea belarrira eramanda, adi-adi, zelaian gertatzen zenaren arabera begitarte serioz, pozez txoratzen, mekaguenka…

Futbolzale sutsuenentzat, berriz, beren taldearen norgehiagoka aditzea ez zen nahikoa eta partidak bat bestearen atzetik entzuten zituzten; batzuetan, lagun batek gogoratu didanez, kiniela eskura zutela, emaitzak eta jainkosak alde izatearen esperantzaz. Irrati-formatuari izena eman zion kirol karrusela asmatuta zegoen dagoeneko, non zelai ezberdinetan gertatzen ari zenaren berri ematen zuten bertaraturiko kazetariek. Ezaguterraza zen soinu-adierazleak iragartzen zuen gola, eta, arnasari eutsita, entzuleak bere taldearena izan zedin otoi egiten zuen. Esataria, aldiz, suspensea mantenduz, zain zegoen entzulearekin jolasten zen.

Segitzen dute igandeetan futbola ematen irratian. Baita ostiral, larunbat eta astelehenetan ere, gehi kopa eta Europako txapelketakoak noiznahi. Ordainpeko telebistek ezartzen dituzte egutegiak eta ordutegiak, eta gertatu da irratsaio baten ohiko emanaldi-ordua edo iraupena aldatu izana horren arabera. Oraindik badaude telebistako bolumena jaitsi eta irrati-esatariaren lokuzioa nahiago duten entzuleak, Josi Iragorriren bakailaoen falta sumatzen dutenak… BBCren eskutik 1927an sortu omen zen futbolaren eta irratiaren arteko maitasun istorioak jarraitzen du gaur egun. Trantsistoreen ordez, sakelakoak.

Arestian esandakoa gizonezkoen futbolari dagokio bereziki. Bide luzea dago egiteko emakumezkoen garaipenek milaka pertsonaren zoramena sorraraz dezaten, eta irratiek ere zor dieten lekua eman diezaieten. Hala ere, ezin ukatu gauzak aldatu direla, eta oraindik oso eremu maskulinoa izaten jarraitzen duen arren, gero eta emakumezkoen ahots gehiago entzuten direla kirol emankizunetan. Horretaz hitz egingo dut Amane Ibañezekin hurrengo asteartean Bilboko Bizkaia Aretoan, Kirola eta Multimedia Komunikazioa jardunaldiaren barruan. Futbola ez diren beste kirolek izan ohi duten trataeraren inguruko gogoeta beste baterako utziko dut.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.