Arantza Gutierrez Paz.

Gorrotoaren uhinak

2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun

Euskal Herriko zinema karteldegietan aurkitu ez dudan arren, apirilaren 19an estreinatu zuten Hate Songs filma, non Alejo Levis zuzendariak RTLM irratiak Ruandako genozidioan jokatu zuen papera azaltzen duen. Irrati horrek urtebetez emititu zuen 1993ko uztailetik 1994ko uztailera bitartean, frantsesez eta kiñaruandaz, Ruandako hizkuntzaz. Hutu erradikalen propaganda-tresna bihurtu zen, eta, bere mikrofonoetatik, tutsien aurkako mezu arrazistak eta gorrotoa zabaltzen zituzten bertako esatariek. Beraien mezuetan tutsiak «labezomorro» izendatzen zituzten gizatasuna ukatzeko helburuz, eta horiek akabatzeko deitzen zieten hutuei.

Alemaniako III Reich zelakoaren garaian, Joseph Goebbels nazien propaganda-burua zela, irratiak ere antzeko papera jo zuen. Horretarako, Volksempfänger (herriaren irrati-aparatua) izeneko gailua patentatu zuten, merkea eta tokiko kateak soilik hartzen zituena, eta etxe guztietan izan behar zuten bat nazien propaganda entzuteko. Horretaz gainera, kale guztietan bozgorailuak jarri ziren herritarrek mezuak edonondik entzun zitzaten; irratirik ez entzuteak isuna ekarri ahal zuen eta atzerriko irratia sintonizatzeak, aldiz, heriotza-zigorra. Naziek irratiaren erabilera propagandistikoa muturreraino eraman zuten arren, frankistek egindakoa hartu zuten eredu gisa, Francoren erregimenak izu-mezuak hedatu baitzituen menderatzen zituen uhinetatik.

Duela hamarkada batzuk, Ameriketako Estatu Batuetan eta Latinoamerikako eskualde batzuetan, beste fenomeno bat hedatu zen: tele-predikariek irratia pulpitu bihurtu zuten, baita indar handia hartu ere. Mikrofonoetatik etorkizun oparoa, sinesmenak eta sasi-terapiak saltzen zizkieten itxaropen apurren eske zeuden entzuleei, beraien kontu korronteak potolotzen zituzten bitartean. Horrelako irrati bakan batzuk gurean ere uhineratu ziren, eta beldurgarriak ziren haien mezu terraplanista erreakzionarioak eta gizatalde batzuen deabrutzea helburu zutenak (oso mezu homofobo eta misoginoak hedatzen baitziren).

Baina talde edo gutxiengo batzuen aurkako gorrotoa hedatzeko erabili badute ere, irratia ere izan da kolektibo horien boza, eta ez dira gutxi uhinetatik sortu eta sostengatu diren herri-borrokak. Apirila amaitzear dagoen honetan, ezin ahaztu hilaren 25ean 50 urte bete dituen Krabelinen Iraultza, zeina Ràdio Renascença irratitik Portugalgo kaleetara hedatu baitzen, Grândola, Vila Morena doinua hondoan zuelarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.