Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Harri batez, bi txori

2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Desagertzeko arriskuan dauden zientoka animalia espezie daude, hizkuntza, tribu, ohitura, hitz. Eta badira galbidean diren abestiak ere. Hori da Kanaldude telebistaren saio berriaren —Kantuen kontrabandista— abiapuntua. Baina arriskuan dagoen zera bakoitzeko, bada itxaropen izpi bat, salbaziorako bide bat, eta salbazio hori zuzenduko duen balizko heroia. Aipatu saioan, Xalbatx da heroi hori. Zaldia hartuta —plastikozko kanpadenda jarrita gaurkotu dute apur bat erreferentzia—, hasi du abentura: galtzear diren kantuak aurkitu, eta desagertu aurretik, fin-fin grabatzeko erronka.

Kanta bana aitzakia hartuta, hogeita hamar minutuko ataletan banatu dute aurkezlearen bidaia erraria. Deigarria da emaitza: Gaizka Arangurenek Itxi liburuak saioan duen jarrera bertsuarekin —bere txapela eta guzti, argi baina zirikatzaile—, lagun giroan batzen da han eta hemengo aditu eta musikariekin. Azkenerako, kantaren bilaketa aitzakia huts bilakatzen da; istorio, artista eta inguru hainbat ezagutzeko bide.

Sarean dauden hiru ataletan bigarrena da horren erakusgarri: Arrosa xuriaren azpian kanta herrikoiaren bilaketari eskaini badiote ere, bestelako bideak hartzen ditu saioak. Hala ezagutu dut, Terexa Ibarraren ahotik, Mattinek elizgizon bati jarritako bertso ederra: «Apaizak eta fraileak, hego gabeko beleak, jende engainazaleak...»

Saioak ordu erdiko iraupena du, eta ez da azaleko erabakia. ETBk, esaterako, edukiak ordubete bueltakoak egitea lehenesten du. Betelanak makaltzen ditu makina bat saio. Kantuen Kontrabandista-n aldiz, bizi-bizi doa dena; akaso, baita biziegi ere. Baina formatu arina da, eserialdi bakarrean gustura ikustekoa, gaurko ohituretara egokitua. Ez da gutxi.

Formari edukiari baino gehiago begiratzen dionak aurkituko du saioa txalotzeko nahikoa motibo: Kestu ekoiztetxea eta France Televisionsekin elkarlanean ekoitzia da, eta antzematen da ohi dutena baino baliabide gehiago izan dituztela. Trantsizioak, Xalbatxen ibilerak eta abarrak mimo eta edertasun handiz jasota daude. Hegoaldeko begirada motz samarretik begiratzen dugunontzat, aldiz, aukera ederra da kanta, erreferente eta hitz-molde berriak ezagutzeko. Xalbatxi ikasitako esamoldeak dioen bezala: «Harri batez, bi txori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.