gaizka izagirre
Telesailak

Horrelako telesail gehiago

2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Hasierako tituluen aurretik A24 zigilua ikusten badut, automatikoki film edo telesail horrek nire arreta bereganatzen du. 2012an sortu zen AEBetako ekoiztetxe independente horren hazkundea esponentziala eta zorabiagarria izan da. Kultura zinematografikoa beste norabide batera bultzatzeko asmoz sorturiko konpainia da, eta beren lehen estreinaldi handia Spring Breakers filma izan zen. Hamabi urteko bizitzan, originaltasunaren, arriskuaren, freskotasunaren eta kalitatearen ikur bilakatu da; Past Lives, Aftersun, Ex Machina, The Florida Project, The Zone of Interest, Hereditary, Everything Everywhere filmak edota Beef, Euphoria eta The Curse telesailak ekoiztu dituzte, besteak beste.

A24 zigilupean eta BBCrekin lankidetzan, berriki Such Brave Girls telesail dibertigarria estreinatu da. Komedia familiar lotsagabe horren protagonistak Josi eta Billy ahizpak eta haien ama ezkongabea dira. Familia oso disfuntzionala. Aktoreak ez nituen ezagutzen eta hirurek lan itzela egiten dute. Ahizpetako bat, gainera, Kat Sadler aktorea, telesailaren gidoilaria eta sortzailea ere bada. Lizzie Davidson aktorearekin batera —ahizpa bizitza errealean eta fikzioan— koktel leherkor-zoragarri bat osatu dute. Bien bizipenetan oinarrituriko obra da, bizitza errealean jasandako zenbait miseria eta orbain lehen mailako material komiko bihurtu dituzte. Pertsonaiak fikziozkoak izan arren, aipatzen diren traumak beren errealitateetatik jaioak dira, eta horrek txantxak egiteko ahalmena eta zilegitasuna eman die. Umore beltza eta oso lotsagabea ditu ezaugarri, baina komedia sozialaren zenbait elementu dramatiko ere jorratzen ditu. Hau da, gizarte arazoen gordinkeria ikuspegi komikotik erakusten duten arren —garun osasuna, sexua, suizidioa, abortua…— ez pentsa azaletik jorratzen dituenik; behar denean horietan sakontzen baitute, inolako iragazkirik gabe.

Sinopsiari buruz ez dut apenas ezer aipatu; pertsonaiekin hainbeste konektatuko duzu, ezen gertatzen den guztia ia gutxienekoa irudituko baitzaizu. 2024an ikusi dudan proposamenik freskoena eta askeena iruditu zait, ikaragarri gozatu dut. Fleabag,I May Destroy You edota In My Skin-en pareko telesailak gustuko badituzu, hau da ikusi behar duzun hurrengoa. Horrelako telesail gehiago, arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.