Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Jauntxo pirata

2024ko apirilaren 16a
05:00
Entzun

«Stede Bonnet lur-jabe aberatsak adin ertaineko krisia du, eta bere bizitza aberats zaporegabea suntsitzea erabakitzen du pirata bihurtzeko. Ez da ondo aterako. Benetako istorio batean oinarritua». Horrelaxe, gutxi gorabehera, dio Our flag means death izeneko HBO plataformako telesail baten laburpenak. Sortzailea Taika Waititi zuzendari zeelandaberritarra dela jakiteak play botoia zanpatzera eraman nau: 2019ko Jojo Rabbit film samur bezain satirikoaren arduradun izateaz gain, What We Do in the Shadows izeneko banpiroen inguruko telesail komiko baten sortzaile gisa ezagutu nuen lehenbizi, eta bere beldurrezko eta fantasiako generoen berrikusketa fresko horrek lehen kolpean seduzitu ninduen.

Aipatu telesail horren zantzuak suma daitezke Waititiren lan berri honetan –tira, ez da horren berria: 2022koa da eta bi denboraldi ditu jada–: bietan orain arte fikzioak genero zehatz baten inguruan bildutako pertsonaia eta estereotipoak hankaz gora jartzen dira; bietan gidoiaren armarik eraginkorrena umore beltza dela nabaritzen da; eta bietan zuzendaria aktore gisa azaltzen da. Izan ere, Blackbeard kapitain pirata entzutetsuaren azalean sartzen da Waititi Our Flag means Death lanean.

Sinopsiak azaldu bezala, benetako istorio batean oinarrituta daude hemen kontatutako abenturak: Stede Bonnet izeneko gizon aberats batek pirata zitala izateko saiakera egin omen zuen XVIII. mendean. Batzuetan errealitateak istorio zirraragarriak jartzen dizkigu esku-artean, guk horrekin eta adimen apur batekin fikzio ahaztezinak sortzeko. Ez nuke esango Waititik istorio horrekin lan ahaztezin bat egin duenik; baina bai gomendatuko nizueke ikustea. Rhys Darby aktore zeelandaberritarra ederki ageri zaigu Bonnet kapitainaren paperean; bikaina da izaera apetatsu, hipokondriako eta intelektualeko pertsonaia hori antzezten. Waititi ere ondo dago Blackbeard kapitainarena egiten, nahiz fisikoki ez zaidan hautaketarik egokiena iruditu.

Planteamenduak hasieratik harrapatzen duen arren, istorioa atalez atal ahultzen doan sentsazioa izan dut; une batez estankatu egingo balitz bezala, barku batean gertatzen den sitcom batean bihurtuz. Pazientzia izanez gero, ordea, aurrera egiten daki telesailak, momentu barregarri zein hausnarketaz beteak ekarriz ikusleari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.