Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Konfort eremutik at

2024ko martxoaren 28a
05:00
Entzun

Gaur gomendatuko dizuedana ez da batere ohikoa, ez nigan, ezta —suposatzen dut— BERRIAn ere. Baina batzuetan gustuko dut nire konfort eremutik atera eta inertziaz ikusiko ez nituzkeen gauza berriak ikustea. Batek daki, genero berri baten zale bihurtzen amaitu dezaket horrela!

Izan ere, Netflix plataforman topatuko duzuen Arcane gomendatzera natorkizue. Eta zer den Arcane? Bada, League of Legends bideojokoan oinarrituta omen dagoen helduentzako animaziozko telesail bat. Baina itxoin! Zu, The Wire eta Leftovers eta The Sopranos telesailekin gozatzeak zure sen intelektuala puzteko balio duela uste duen hori: egon pixka batez, arren, ez utzi artikulu hau irakurtzeari. Zail dudala uste dudan arren, saiatuko naiz zuri ere lan horri aukera bat eman behar diozula sinetsarazten.

Hasteko, kritikan oinarritzen bagara, telesail horrek 8,2ko puntuaketa du FilmAffinity plataforman. Alderaketa bat egitearren: kritikari profesional eta amateurrek erabil dezaketen plataforman historiako puntuaketarik altuena duten bi telesailak The Wire eta Breaking Bad dira, biak 8,8ko puntuaketarekin. Egia da, edo sentsazioa dut behintzat, animaziozko telesail askok ustekabeko puntuaketa altuak izaten dituztela; eta nire teoria da, azken batean, horiek ikusten dituen asko jada genero horren zale direla.

Akuarela eta 3D nahasten ditu Arcane-ren animazioak. Oso bereziak dira agertzen diren irudiak, bikain tratatuak izateaz gain; sekulako kalitatea dute mugimenduek. Istorioaren aldetik, bi ahizparen harremana kontatzen du telesailak. Steampunk estiloko hiri batean girotzen da; zehazki, bi hiritan, lurrazaleko hiri aristokratikoak bere erreplika ilun eta txiroa baitu lurrazpian, non shimmer izeneko droga batek biztanleak galbidera daramatzan.

Egia da bideojokoan ibili ez garenontzako apur bat ulergaitzak diren pasarte batzuk badaudela; baita, noski, trama oztopatzen duten eta bideojokoen lengoaian bakarrik uler daitezkeen borroka eszena ilogiko baten batzuk ere. Baina, hori horrela izanik ere, gure erretinek gozatzeko lan bat dela iruditzen zait. Nik neuk biolentzia maila jaitsiko banioke ere, genero horretara ohituta ez dagoenak ere, apur bat buru-irekia izanik, kalitatea urrunetik prezia dezakeela uste dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.