gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Kosk sagarrari

2024ko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Sagar hozkatuaren plataforma, Apple TV Plus, 2019an jarri zen martxan. Lehen urte horietan, erdipurdiko ekoizpenak egiteaz gain, norabide finkorik gabe nabigatzen ari ziren sentsazioa transmititzen zuten. Ia bost urteren ostean, lehiakide askoren aurretik kokatuko nituzke. 2020tik 2021era bitartean, ekoizpen kopurua handitzearekin batera kalitatean ere aurrerapausoak nabari zitezkeen arren, 2022an eman zuten aurrerapausorik handiena, Black Bird, Ted Lasso, For All Mankind, Bad Sisters,Shining Girls, Pachinko, Slow Horses eta batez ere Severance bikainak iritsi baitziren.

2023an eskasago ibili ostean —Silo eta Lessons in Chemistry da salbuespena, 2024a indartsu hasi du plataformak. Hasteko, Masters of the Air iritsi delako; Band of Brothers maisulana eta The Pacific miniserie belikoen hirugarren zatia. Zuzendari lanetan Cary Joji Fukunaga, eta aurrekoetan bezala Steven Spielberg eta Tom Hanks ekoizle, zeinak Bloody Hundredth izeneko bonbardaketa-taldean zentratuko diren.

Nabarmendu nahi dudana, ordea, Criminal Record miniserie ingelesa da. Aktore zerrendan izen ezagunena Peter Capaldi eskoziarra den arren, niretzat sorpresa handiena The Good Fight telesailean ikusi genuen Cush Jumbo aktorea da; lan itzela egiten dute. Biak ala biak poliziak diren arren, zeharo desberdinak dira. Peter Capaldiren pertsonaia, Hegarty, inspektore beteranoa eta iragan misteriotsu samarra duena. Jumborena, aldiz, June, detektibe gaztea, hasiberria, baina anbizio handikoa. Belaunaldien arteko desberdintasuna oso ongi definitua dago hasieratik eta garrantzitsua izango da istorioan. Londres hirian girotua dago telesaila eta larrialdi-zerbitzuetan jasotzen duten dei batekin hasten da istorioa. Anonimoki deitu duen emakume batek arriskuan dagoela adieraziko du: bere bikotekideak mehatxatu egin duela eta arriskuan dagoela dio. Baina, dei horretan, emakumeak azalduko ez dizuedan beste informazio bat ere partekatuko du. Gertaera horrek bi helburu oso kontrajarri dituzten bi polizia horiek aurrez aurre jarriko ditu, baita 24 urteko espetxe zigorra betetzen ari den preso bat ere. Trama oso erakargarria eta misteriotsua den arren, bi pertsonaia protagonistak hain ondo egituratuta egoteak oinarri are sendoagoa txertatzen dio osotasunari.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.