gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Kritika(ri) zintzo gehiago

2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

Askok ikusi duzue eta ez du aurkezpenik behar, baina gaurko gaia kokatzeko, lehenik telesaila aurkeztu egingo dut: Asunta Basterraren kasua aztertzen duen El caso Asunta telesailaz ari naiz. 2013an Coruñako Teo herriko mendi bide batean12 urteko Asunta Basterraren gorpua aurkitu zuten. Ordu gutxira, Asuntaren gurasoak, Alfonso Basterraeta Rosario Porto, atxilotu egin zituzten. Telesaila gustatu zait —ez ikaragarri—, baina gaurkoan ez dut horri buruzko kritikarik idatziko, honen inguruan sortu den polemika bat azaldu nahi dizuet eta honek eragin didan hausnarketa.

Espainiako kritikariek seriearen inguruan egin dituzten kritika ia guztiak positiboak izan diren arren, Beatriz Martinez gidoilari, zinema kritikari eta Infobae komunikabidearen kultura-buruak lerroburu hau aukeratu du telesailari buruzko kritika idazteko: «Benetako krimen bat telenobela iruzurti eta oportunista bihurtzen denean». Imajinatu dezakezuen moduan, kritika oso ezkorra argitaratu du. Deigarriena, ordea, ez da hori izan; argitaratu eta ordu gutxira, Martinezek honako hau idatzi du sare sozialetan: «Nekatuta nago sortzaileen dotoretasunik ezaz eta kritika txar bat idazteagatik iraindu eta barregarri sentiarazi ditudala esaten dutenez. Ona denean ez da inor kexatzen, hau da dagoena». Antza denez, idatzi duen kritika txarraren harira telesailaren sortzaileek idatzi diote kexa eta ezinegona adieraziz. Oso larria eta tristea iruditzen zait, eta badakit, beste kazetari eta sortzaile batzuk tarteko, ez dela halakorik gertatzen den lehen aldia. Honelako presioekin gero eta zailagoa da kritika —positibo zein negatibo— zintzoak topatzea.

Kritika bera telesail baten promozioaren beste adar bat bihurtu da eta honek ezin du izan. Sare sozialak sasi-kritikariz josi dira; TikToken, esaterako, gainezka daude; «Hau ikusi behar duzu, ikaragarria da, maisulana da…». Ez al zaizue iruditzen azkenaldian guztiz esajeratuak diren iruzkinez bete direla sare sozialak? Bistakoa da plataforma digital askoren sustapen estrategia nagusietako bat jarraitzaile ugari dituzten sortzaileei eduki bati buruzko iritzi baikorra —edo behintzat, ez hain ezkorra— emateagatik ordaintzea dela. Kokoteraino nago. Kritika(ri) zintzo gehiago, arren.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.