Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Kultuzkoa gain behera

2024ko apirilaren 4a
05:00
Entzun

Telesailekin izan dudan harremanak ez ditu urte gehiegi. Haur-nerabea nintzenean, apika nire gurasoen heziketa-hautuengatik edo, ez nuen telebista askorik ikusten, eta ez nuen ideia handirik gainontzeko ikaskideek ikusten zituzten telesailen inguruan —The Simpsons, Friends eta Goenkale zeuden gehienen ahotan—.

Gogoan dut non, noiz eta zergatik hasi nintzen telesailekin gozatzen. Bartzelonan bizi nintzen, 2013. urtea zen, eta Game of Thrones-en kapitulu bat ikusi nuen pisukide batekin. Uau. Zer zen hori? Ordura arte telesailetan erdipurdiko istorio eta aktoreak zeudelako ustea kolpetik kendu zidan esperientzia horrek. GOT-en ostean etorri ziren True Detective, The Handmaid’s tale, Six Feet Under, The Sopranos edota The Wire, den-denak egundokoak, den-denak ordura arte ikusitako film asko baino askoz ere hobeak. Eta ohartzen hasia nintzen horiek guztiak plataforma beretik ikusten nituela: HBO.

Hauxe izan da nire telesailen erreferentziazko plataforma urte askotan. Warner Brosen eskutik 1970eko hamarkadan sortu zenetik, kalitate handiko edukiak sortzeagatik egin zen ezaguna kate estatubatuarra. 2000ko eta 2010eko hamarkada bikainak izan ditu, eta aipatutako telesailez gain, 2015. urtetik aurrera garatutako telesailen sukarra ondo baino hobeto nabigatu du gainontzeko plataformek baino eduki txukunagoak eskainiz –Chernobyl, Euphoria edota Succession, agian, aipagarrienak–.

Azkenaldian, ordea, plataforma hori kalitate aldetik gain behera doala iruditzen zait. 2020an plataforma HBO Max deitzera pasatu zenetik ari naiz hau sumatzen. Badakit ez dela erraza bi hamarkadatan sortutako kultuzko horrenbeste edukiren kalitatea mantentzea, baina argi dago gero eta telesail interesgabe eta azaleko gehiago estreinatzen ari direla. Irakurri dudanez, gainera, Max gehitzearekin, konpainiaren helbururik handiena Netflixen orotariko profilera gerturatzeko intentzio garbia omen dago, nolabaiteko kultuzko edukitik aldentzeko asmoa balute bezala.

Ikusleoi gauza sakon eta gogoangarriak eskaintzea, bat-batean, gauza negatiboa bihurtu balitz bezala. Eta HBO Max soilik Max deitzera doala irakurri dut orain. Ez nuke igarlea izan nahi, baina plataforma bizitzen ari den joera bere izenen bilakaerarekin lotuta dagoela ikusteak zeresana ematen dit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.