Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Maitasuna suediar erara

2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Bada azken asteotan Twitterren bolo-bolo zabaldu den uste bat: diotenez, Suedian, etxe batean bisitan edo apopilo bazaude, ez dizute otordurik eskainiko. Are gehiago: gerta daiteke etxe horretako kide guztiek gosaria edo afaria taldean jatea, zu ondoko gelan utzita, ezer eskaini gabe. Estereotipoetan oinarritutako ondorio puztua dirudi, baten batek izandako esperientzia kaskar jakin bat jatorri duen esamesa. Hala pentsatu dut gaur ikusi dudan dokumentalak zalantza piztu didan arte. The Swedish Theory of Love du izena, eta Suediako gizarte indibidualistaren ajeak erakusten ditu. Filminen dago ikusgai.

Azaltzen duenez, Suedian, bi lagunetik bat bakarrik bizi da; gero eta gehiago dira guraso bakar izateko hautua egin duten emakumeak, eta familia loturek beste inon baino pisu gutxiago dute. Sozialdemokraziaren bilakaeraren ondorioz, estatuak eskaintzen dizkie norbanakoei beren bidea egiteko baliabideak. Ez dute, hortaz, beste inoren beharrik. Horren guztiaren ifrentzuak ikara ematen du: suizidio tasak oso altuak dira, ohikoa da pertsona helduak hiltzen direnean, inor ere ez ohartzea, eta bakardadea da gaitz nazionala.

Etiopiako txirotasun materialean zoriontasuna aurkitu duen mediku suediar baten irakaspenak bildu ostean, Zygmunt Bauman filosofoaren gogoetek borobiltzen dute pieza: «Erabateko independentzian bizi denak elkarbizitzarako gaitasunak galtzen ditu. Interdependentzia, bere erronka eta negoziaketekin, askoz ere aberasgarriagoa da. Zoriontasuna ez da dena eskura izatea. Zoriontasuna oztopo eta trabei aurre egiteak ematen duen hori da».

Amua irentsi dut, osoki: harrotu naiz gure bizitza sasi-mediterraneo komunitarioaz, ulertu dut behingoz mundura gizaki gehiago ekartzearekin tematuta dagoen nire lagun-ingurua, eta zalantzan jarri zaizkit nire independentzia desira denak. Pikara Magazine aldizkarian Patricia Merinok idatzitako iritzi artikuluak begiak zabaldu dizkidan arte. Salatzen duenez, dokumentalak, azken finean, familia eredu tradizionalaren gorazarre egiten du, gizonak behar ez dituzten emakumeak epaitu eta zaintza erromantizatuz. Interdependentzia osasuntsuak eraikitzeko eta zaintza lanak ez geratzeko betikoen esku, independentziarako aukerak bermatua behar du denontzat. Suedian, Etiopian eta hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.