Maiz bizi izan dut egoera. Kafe orduan, bezperako telebista saioa ikusi ote zuen galdetzen dio batak besteari. Baietz erantzuna, eta ikaragarria iruditu zitzaiola. Lotsagarria. Ez duela ulertzen halakorik nola litekeen. Jakina, horretan ere ados dira lagunak. Biharamunean, baliteke egoera errepikatzea. Esan bezala, maiz bizi izan dut egoera. Baita atzo ere. Mutu erantzun nuen, haien erantzunak gogoeta bihurtzen.
Garrantzirik gabeko datua da bezperako hizpidea honako edo halako saio ote zen zehaztea. Hausnarketak beste norabide bat hartzen du nigan. Saioaren izaera ezagutu eta gustuko ez dugula edo izango ez dugula jakin arren, beste behin ikustera garamatzanak eragiten dit harridura. Gustuko izan ez arren, ikusteak plazera ematen digula, hain zuzen. Daukagun kontraesan andanari itsasten zaion beste bat, alegia.
Gau mahaian dudan eleberriak iragarkigile baten abenturak azaltzen ditu, lehen pertsonan. Ahots jainkotiarrez, bezeroen beharrizanak nola sortu litezkeen erakusten du. Beharrak beharrizan nola bihurtzen diren, hil ala biziko premia balira bezala. Kontsumitu orduko, hutsunea nola bihurtzen den bete ezina. Eta amaierarik gabeko gurpil eroan, hurrengo produktuaren bilaketara mugatzen garela ikuspegi kritikorik gabe.
Kafe orduko gure jarrera hori ulertzeko, ez baita aski distantziak mantentzen ditugula irudikatzeko hartzen dugun jarrera. Pantailan ikusten ditugun funtsik gabeko milaka pertsonaia horiei so, maiz sentitu izan naiz ni ere ohi baino koska bat gorago. Horrez gain, barnean daramagun deabru morboduna elikatzeko era bat ere izan liteke. Biharamunean, kafea edan bitartean gauzatzen da deabrutxoaren funtzio hori, ezinbestean.
Badu jarrera horietatik. Baina kontzienteki defenda ditzakegun arrazoietatik kanpo, besterik ere badela esango nuke. Gure ulermenari izkin egiten dion trikimailuren bat. Magia. Magoen trukuen gakoa hori da, ez? Gure arreta ezkerreko eskura bideratu bitartean, sekretuak eskuinekoarekin egitea. Magiaren kasuan, dibertigarria da. Ez du kalterik eragiten. Telebistarenean, baina, kontzientziak zimiko egiten dit. Saio bat berriz ikusiko ez dudala zin egin arren, zain izan bainau maiz. Bi eskuei so egon eta sekretua ezin aurkitzeak egiten dit zimiko. Ez baitakit zenbateraino erabil nazaketen haien trikimailuetan.
Ekografiak
Maizegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu