gorka julio
Ikus-entzunezkoak

Mickey aske

2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Egile eskubideek obra bat erabiltzeko eskubide esklusiboa ematen diote jabeari. Baina epe bat dute. Mickey arratoiaren lehen bertsioak jabari publikora pasatu behar zuen 2003tik aurrera, baina 1998an, Bill Clinton AEBetako presidenteak lege bat onartu zuen, 2023. urtera arte zabaltzeko. Lege horri Mickey Mouse legea deitu zitzaion, eta Disneyk copyright legean eragiteko izan duen gaitasunaren erakusgarri da.

Copyright legea beti izan da mendebaldeko herrialdeek beren inperialismoa hedatzeko estrategia bat. Honekin, ez gara ari egile batek bere lanengatik izango lituzkeen eskubide orokorrez, ez eta bere lanagatik ordaindua izateko eskubideaz ere, noski. Jabetza eskubideez ari garenean, esplotazio eskubideaz ari gara bakarrik, eta, horren bidez, Mendebaldeko herrialdeek, jabetza gehien dutenek alegia, besteei inposatzen dizkiete beren erabakiak. Sorkuntza artistikoetatik hasi eta patenteetaraino.

1886an, planetako nazio nagusiak Bernan bildu ziren, eta erabaki zuten lan batek copyright-a izango zuela bere sortzailearen bizitza osoan zehar eta hil ondoren 50 urtera arte. Hitzarmen horrek indarrean jarraitzen du, nahiz eta 70 urtera arte luzatu munduko ia herrialde guztietan.

Frantziako eta Espainiako estatuetan 70 urte dira, salbuespen batzuekin, 1987 baino lehen Espainian hildakoentzat (80 urtera arte luzatzen da), eta Frantziaren kasuan, Lehen eta Bigarren Mundu Gerran parte hartu zutenentzat (100era arte luzatzen da). Gerra aipatuta, badago beste salbuespen orokor bat estatuei eragiten diena. Gerra egoeran egile eskubideak haustea ahalbidetzen dute legislazio gehienek, gerrarako justifikatua bada.

Ameriketako Estatu Batuetan, egile eskubideen iraupena, oro har, autorearen bizitza gehi 70 urte da. Lana egiletza korporatibokoa, anonimoa edo pseudonimoa bada, argitaratzetik 95 urtekoa izanen da edo sortua izan zenetik 120 urtekoa, laburragoa dena. Hori dela eta, Mickey Mouseren lehen bertsioa Jabari Publikokoa izango da orain.

Eskuz edo bestela; adimen artifizialaren garaian gaudenez, lehen Mickey arratoian oinarritutako irudiak egiteko aukera dugu orain tresna honekin. Bitxia da aldi berean, adimen artifizialeko eredu asko entrenatzeko, aitortu gabe ere copyright legeen gainetik pasatu izana enpresa transnazionalak; baina hori beste egun baterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.