gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Musa 2024an

2024ko martxoaren 20a
05:00
Entzun

Karta-sorta baten lehen planoa. Esku batzuk. Kamera urruntzen doan heinean poker partida bat dela ohartzen gara. Alde batean Cincinatiko Mutila ezizena duen Eric Stoner. Bestean Lancey Howard, momentuko poker jokalaririk onena. Steve McQueen protagonista duen 1965. urteko The Cincinnati Kid filmeko sekuentzia da hori. Pokerraren eta mahai jokoen inguruan girotzen diren ehunka fikziozko film egin dira historian. Ez hori bakarrik, benetako poker partidak zuzenean telebistan edo streaming bidezko plataformetan ematea ere oso ohikoa da orain dela urte batzuetatik hona.

Irudikatzen duzue horrelako zerbait baina Euskal Herrian asmatutako karta-joko ezagunena ardatz hartuz? Bada, utzi irudipenak; fikziozko filmik oraindik ez, baina mus partidak pantailetan ikusteko aukera jada existitzen delako, Kanaldudek sortutako Mintza saioari esker. Telebistan ematen den mus emankizuna da, jokoan zortzi bikote jarri dituzte, eta saria proiektu kultural eta solidario bati bideratuko diote. Formatu horri Poker tour deituriko partida laburpenak ere gehitu dizkiote, lehiakideen gaineko informazioa eransteko. Zortzi taldeek herrialde bana ordezkatuko dute: Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa Beherea, Nafarroa, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta diaspora. Pantxoa Bergara Xabaltx musikariak gidatzen du saioa. Otsailaren 21ean estreinatu zuten emankizuna eta gaur bertan emango dute 5. atala. Miarritzeko Atabal aretoan grabatu den saioak hainbat ikuspuntu desberdinetatik erakusten dizkigu partidak, eta errealizazioari eta edizioari dagokionez aparta iruditu zait. Lan bikaina osatu du Iban Rusiñolek. Parte hartzaileen kartak lehen planoan ikusteaz gain, bereziki gustatu zaidana da jokalarien arteko keinu eta hizketak gertutik ikusten ditugula. Musaren munduan ezjakinak garenontzat —aitortza honek euskaldun txartelean puntuak kenduko dizkit?— oso baliagarria iruditu zait Komentaristen gela delakoa, izandako jokaldiak azaldu eta komentatzen dituztelako. Oinarriak eta azalpen bereziak ematen dituzte, eta asko eskertu dut. EITB aipatzen hasita, orain urte asko saiakera egin zen antzeko saio bat egiteko, baina proiektuak ez zuen aurrera egin. Nik dakidala, beraz, lehen aldia da horrelako zerbait egiten dela. Biba zuek, Kanaldude! Bejondeizuela!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.