Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Muturrera

2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

Ezaguna duzue jendeak gustuko duen film/telesail/artista batekiko zaletasunak zure iritziarekin bat egiten ez duenean sentitzen den amorrua? Bada, horixe gertatu zait Such Brave Girls (Filmin) telesail britainiar berriarekin. Entzuna nuen Fleabag, I May Destroy You eta In My Skin telesailekin gozatuz gero, galdu ezinezko lana zela hau; eta korrika joan naiz ikustera, besteek eman zizkidaten momentu emotibo eta gogoangarrien kitzikak eraginda.

Kat Sadler gidoilari eta aktoreak idatzitako lana da Such Brave Girls. Ama baten eta bere bi alaba gazteen arteko harreman disfuntzionalean du oinarria, eta bakoitzaren bizitza jarraitzen du lanak, komedia garratzez zipriztinduta. Sadlerrek berak interpretatzen duen Josie izeneko gazteak depresioa du, baita lesbiana delako ustea ere, nahiz oraindik ez den guztiz armairutik atera. Lizzie Davidsonek –bizitza errealean Sadlerren ahizpa ere badenak– bere mutilarekiko delirio etengabe batean bizi den neska apetatsu baten rola jokatzen du; eta amaren lekua hartu duen Louise Brealeyk, amaitzeko, duela hamar urte ihes egin zion senarra ordezkatuko duen gizon baten bila dabil.

Muturrera eramandako pertsonaia-moldeak aurkezten dizkigu Such Brave Girls-ek, erridikulua egungo gai sakon eta interesgarri batzuen kontrako arma gisa erabiliz. Prototipo gehiegizko hauekin bidali nahi diguten mezuak Z belaunaldiaren erradiografia satirikoa egin nahi omen du. Duda dut, ordea, horrenbesterainoko satirizazioak arazo horien inguruan hausnartzera garamatzan.

Nolanahi ere, ez dakit tonua den, edo pertsonaiak diren, edo errepikakortasun obsesibo hori gogaikarrien egin zaidana. Etxe honetako Urtzi Urkizuk X-n argitaratutako post batean, telesail honekin gozatua hartu duela esateaz gain, Filmin plataformaren profilak jarritako post bat partekatu du, hitzez hitz hau dioena: «Jasanezinak direla? Bai. Estimua hartu diegula? Handia». Bada, ni adierazpen honen lehen zatiarekin gelditu naiz bakarrik.

Ez dut artikulu honekin zuek telesail hau ikus ez dezazuen eragin nahi. Are gehiago, ikustera gonbidatu nahi zaituztet; eta, gainera, nik egindako kritika kaxkarraren aurrean baldintzatuta joango zaretenez, zortearekin, niri baino apur bat gehiago gustatuko zaizue. Batek daki. Hala espero dut, zinez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.