Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Norma(la)

2017ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Hotza egiten du Eskozian. Hotz handia. Jada heldu da bazkalordua eta afalordua ilunetan egiten hasten zaren une hori. Gutxi gorabehera, datorren otsailera arte iraungo du horrek. Tristea da, bai. Baina are tristeagoa iruditzen zait gona motzarekin eta tirantedun kamisetarekin kalera irteten tematzen diren neska gazteen irudia —euritan udako sandaliekin ibiltzen direnak ez aipatzearren—. Bereziki, ostiral eta zapatu gauetan izaten da. Festa giroa dagoen tokietan. Esango didazue bakoitzak nahi duena egiterik duela, eta ez dut zalantzan jartzen, baina nik ez diot inolako zentzurik ikusten horri. Benetan. Zergatik ez ditut gizonezkoak horrela jantzita ikusten toki berean? Bueno, egia da garagardo batzuk edan ondotik kamiseta kenduta ibiltzen direla batzuk. Beste batzuk, berriz, motzak daramatzate galtzak, eta zin degizuet oinetakoen arteko zulotik hotza sartzen zaiela. Ba, modan omen dago lagunok. Hori esan dit hemengo lagun batek. Moda? Nork ezartzen du ideia hori? Publizitateak eta telebistak neurri handi batean. Hor agintzen baitira egunero gizarte eta genero rolak.

Gero eta gehiago dago modan emakumezkoak ikustea kiroletako telebista saioetan aurkezle, baita berriemaile gisa ere. Ondo makillatuta eta orraztuta. Arropa dotoreekin eta takoidun oinetakoak ahaztu gabe. Hori baita norma(la). Igande gaueko kirol solasaldietan, hori bai, emakume gutxi egon ohi da iritzia ematen. Euskal Herriko telebista kateetan ikusia nuen hori, baina Erresuma Batuan beharbada adierazgarriagoa da errealitatea. Gizonezkoa da telebista saioen gidaria, norma da gainera hirugarren adinekoa izatea —erretiro aldia pasatuta—, eta nahiko autoritate handia dauka gonbidatuak mozteko. BBC One kateko Question Time ikustea besterik ez dago —kentzeko nahikoa arrazoi ditu bestela—. Areago, desberdintasun kasuak komentatzean jendea harritu egiten da. Praktika hori neutroa balitz bezala genero terminoetan.

Aspaldiko partez, Teleberri-a ikusteko aukera izan nuen herenegun. Ez dakit inork faltan bota zuen ala ez Amaia Urkia, bakarrik agertu baitzen Xabier Garcia Ramsden. Seguru nago, ordea, Sara Gandarak kirol tartean huts egin izan balu, hainbat neska gaztek ez zuela jakingo zer arropa jantzi hurrengo egunean. Eskerrak tirantedun kamisetaz agertzera behartzen ez duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.