Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Oinarrizko sektore, oinarrizko errenta

2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Zer gertatuko litzateke idazlerik, dantzaririk, musikaririk, marrazkigilerik, pailazorik, bertsolaririk edota zinema zuzendaririk gabe geratuko bagina? Koronabirusaren krisiak kultur jarduera asko eten zituen martxoaren 14an, eta sektoreko langileak «egoera larrian» daudela konturatu da Jaurlaritza. Horregatik, laguntza eman nahi die orain. Bingen Zupiria Kultura sailburuak adierazi duenez, oinarrizko soldata bermatu. Laguntza hori «egoera estuan» dauden «autonomo profesionalentzat» izango da bakarrik, eta gehienez, hilean 1.200 eurokoa. Sei hilabetez luzatuko dena. Iazko errenta aitorpenean deklaratutako diru sarrera garbien hileko batezbestekoaren %70, hain zuzen. Guztira, 2,5 milioi euro prestatu dituzte; hori bai, aurrekontuetan «kultur formakuntzarako» funtsetik kenduta.

Berria ona da. Baina badirudi oraindik argitzeke leudekeela hainbat kontu. Alde batetik, zehazki zein jarduera sartuko diren Jaurlaritzaren programa horretan. Eta bestetik, zer den «egoera estuan» egotea eta zenbat lagunek eska dezaketen diru laguntza. Zupiriaren arabera, besteak beste, sorkuntzari, kultura merkataritzari, liburutegietako artxiboetako, museoetako eta ondareko, musika edizio, eta musika tresnen fabrikazioari lotutako jarduerak zehaztuko dira. Bestalde, Kulturaren Euskal Behatokiaren arabera, 6.834 lagun daude kultur eta sormen industrietan lanean EAEn. Halere, Jaurlaritzak aurreikusten du horien erdiek bakarrik eskatuko dutela diru laguntza: 3.400 inguruk. Beste arrazoien artean, enpresa bati zuzenean lotuta daudelako. Horietako asko, bide batez, aldian aldiko kontratuarekin.

Kulturgintzako beste langileen erdientzat, beraz, zer? Adibidez, zer gertatuko litzateke «autonomo profesionalak» ez diren euskal aktorerik, gidoigilerik, errealizadorerik, arte zuzendaririk, soinu zein argiztapen teknikaririk, produkzio laguntzailerik edota casting zuzendaririk gabe geratuko bagina? Ziurrenik, euskarazko telebista programa are gehiago ekoiztu ezinik geratuko lirateke.

Bingen Zupiriak zehaztu behar lukeen beste kontu bat honako hau da: kultura oinarrizko sektorea den ala ez. Eta izango balitz, jardueraren berezitasunak ikusirik, sektorearen oinarrizko errenta proposatu. Krisi garaian egon ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.