Lide Hernando.

Pantaila txikiaren mundu handia

2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Badator berriz ere telesailei eskainitako Crossover jaialdia Donostiara. Iaz bertako elkarrizketa batean parte hartzeko plazera izan nuen Ikusle gonbidatua atalean, eta jaialdia barrutik hobeto ezagutzeko aukera eman zidan horrek.

Fikzioaren kontsumoaren paradigma pantaila txikietara aldatu den honetan, esango nuke jaialdien testuingurua ez dela oraindik errealitate berri horretara oso ongi egokitu. Izan ere, askoz gehiago dira zinemari eskainitako jaialdiak oraindik orain, nahiz eta jendearen ohiturak plataforma digitaletatik askoz ere gertuago egon areto eta krispetetatik baino. Horrexegatik iruditzen zait horren interesgarria jada zazpigarren urtea izango duen eta telesailen kulturaz hausnartzea helburu duen jaialdi hau.

Bertan lehen aldiz ikusi ahal izango diren estreinaldiak aletzeaz beste batzuk arduratuko direnez —nahiz, adibidez, Las largas sombras lanak jakin-minez gainezka naukan—, horiek alde batera utzi eta telesailetatik harago izango diren elkarrizketa eta ekitaldi batzuk aipatuko dizkizuet. Batetik, apirilaren 22an Primeran plataformari eskainiko zaion hitzaldia. Bertan Alex Gibelalde arduraduna elkarrizketatuko dute; eta aukera paregabea izango da euskal edukien plataforma berri honen orain arteko lanaren balorazioa eta etorkizunerako helburuak eta asmoak ezagutzeko —behintzat, euskal fikzioaren egoeraz kezkatuta gaudenontzako—.

Interesa eragin didan beste ekitaldi bat fikzioaren eta kirolen tratamendua uztartzen dituena da: Munduko kirolik arriskutsuena, apirilaren 23an Tabakaleran. Kasualitaterik ez: bertan Gaizka Izagirre egongo da moderatzaile lanetan, eta Lur Errekondo harri-jasotzaile eta aurkezlea eta Mikel Alonso futbolari ohia bere galderak erantzuten ariko dira. Kirola pantailan ikustearen oso zale ez naizen arren, egia da betidanik egin zaidala interesgarria ikustea fikzioan nola islatu izan dituzten kirol ezberdinak, baita lehiaren zurrunbiloak psikologikoki duen eragina ere.

Eta feminismo apur bat: Todas lo sabíamos mahai ingurua, hilaren 26an, Belen Barenys, Ana Marcos eta Paloma Randorekin. Ikus-entzunezkoen atzean —eta, zorionez, gero eta era agerikoagoan— ezkutatzen den botere-gehiegikeria izango dute ardatz. Funtsean, ekitaldi interesgarriz betetako jaialdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.