gaizka izagirre
Ikus-entzunezkoak

Paul Mescal

2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Azken boladan jende askoren ahotan dabil Paul Mescal aktore irlandarraren izena. Aurten All of Us Strangers film zoragarrian ikusi dugu. Orain arte behintzat, 2024an ikusi dudan filmik onena iruditu zait. Adam gidoilaria da eta apartamentu-multzo oso bitxi batean bizi da, Londresen. Eraikin osoan bera eta Harry izeneko bizilaguna bakarrik bizi dira. Pertsona bakartia da, ez da apenas etxetik ateratzen, lagun gutxi ditu. Bere haurtzaroan oinarritutako nobela batean ari da lanean, eta inspirazio iturri gisa gurasoekin batera ez hezteak eragin duen oinazean sakontzea erabakiko du. Kontakizunak aurrera egin ahala, narratiba eta estetika hipnotiko baten sareetan guztiz harrapatua geratuko zara, ezin izango duzu begirada pantailatik inongo momentutan kendu. Maitasunari, bakardadeari eta galerari buruzko film mingarria da. Estetika ederrekoa, sotila, delikatua, gogorra. Harribitxia.

2022. urtean Aftersun bikainean ere parte hartu zuen. Sophie protagonistak duela 20 urte aitarekin egindako oporraldi bati buruzko gogoeta egiten du. Horretarako oroimenei helduko die, eta urte horietan bideokamera zahar batekin grabaturiko irudiak errepasatuko ditu. Film osoa bi elementu horiekin eraikia dago. Zeinen film berezia. Zeinen samurra eta gogorra aldi berean. Zeinen sotila eta inteligentea. Baina film bat ez, telesail bat izan zen Mescal nazioarteko erakusleihoan kokatu zuena: Normal People. 2008ko finantza krisiaren ondorengo Irlandako herrixka batean girotua, Marianne eta Connell dira kontakizun erromantiko-dramatiko horren protagonista nagusiak. Coming-of-age generoa ardatz hartuz, sentikortasun handiz zuzenduriko 30 minutuko hamabi atal topatuko dituzu. Hasieratik emozionalki sartzea lortzen baduzu, Marianne eta Connellen arteko maitasun istorio korapilatsuaren parte sentituko zara. Bi protagonisten arteko kimika gutxi ez, eta ekoizpenaren gainerako alorrak ere azken zirrikituraino zainduak daude. Pertsonaien arteko igurtzi bakoitza, begirada bakoitza, topaketa bakoitza, behar bezala desfokuratutako lehen planoek indartzen dute, adibidez. Ederra bezain frustragarria den kontakizun hori ikusleari helarazteko, zinema komertzialaren eta independenteren arteko oreka perfektua ere lortu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.