urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Saltoren porrotetik jauzi bat egitera

2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

France Televisions telebista talde publikoak eta TF1 eta M6 kate pribatuek indarrak batu zituzten 2020. urtean: Salto plataforma bateratua abiarazi zuten urte hartako urriaren 20an. Egitasmoak gutxi iraun zuen, ordea. 2022ko azaroan, TF1ek eta M6k iragarri zuten partaidetza eta akzioak salduko zituztela. Gauzak horrela, 2023ko martxoaren 27an itxi zuten Salto. Delphine Ernotte Frantziako telebista publikoaren presidenteak (Baiona, 1966) berriki esan du «oker estrategikoa» izan dela Salto bertan behera utzi izana.

Salto izan zenetik jauzi handiago bat egitera deitu du Ernottek Lillen (Frantzia), Series Mania nazioarteko telesailen jaialdiko solasaldietan. «Elkarrekin indartsuagoak gara. Gure komunikabide nazionalak existitzea nahi badugu, hau da, gure kultur bizitzan funtsezkoak diren ahots eta sortzaile guztiak zabaltzen jarraitzea nahi badugu, ezin ditugu 36 irtenbide proposatu». Hori esan du, hain justu, M6 bere plataforman lanean ari den honetan, eta TF1ek 2025erako nazioarteko streaming bidezko zerbitzu bat sortu nahi duen honetan. Frantziako telebista handienek bat egitea eskatzen du, ordea, Ernottek.

Frantziako hedabide publikoak biltzen dituen taldean, berriz, berrikuntza gehiago iritsiko dira. Frantziako Kultura Ministeriotik proposamen bat egin dute France Televisions eta Radio France elkartuko dituen enpresa misto bat sortzeko. Eta horrek ekarriko lituzkeen aukerez mintzatu da Ernotte: «Egun, jendeak podcastak entzuten ditu telebistan. Eta guraso asko pozik egongo dira haurrek marrazki bizidunak ikusi ahalko dituztelako autoan». Gogoratu beharrekoa da Kataluniako 3Cat plataformak katalanezko makina bat podcast eskaintzen dituela doako katalogoan.

Delphine Ernotte Frantziako telebista publikoaren presidentea eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea.
Delphine Ernotte Frantziako telebista publikoko presidentea eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea, iaz. CHRISTOPHE PETIT TESSO / EFE

Ernottek nabarmendu du, era berean, Erresuma Batuari begiratzea komeni dela. Hain zuzen ere, aurtengo bigarren hiruhilekoan estreinatuko dute Freely plataforma Erresuma Batuan. Doako plataforma bat izango da; All TVrena da ekimena, doako telebista britainiar nagusiak kudeatzen dituen erakundearena. Eta bertan bilduko dira BBC, ITV, Channel 4 eta Channel 5. Zerbitzu berriak aukera emango die ikus-entzuleei telebista kanaletan zuzenean nabigatzeko eta haiek ikusteko. Lehendik ere Freeview TV zerbitzua badute Erresuma Batuan, eta egun 16 milioi etxetan erabiltzen dute. Jakin denez, Freely zerbitzuak telebista saio britainiar arrakastatsuenak doan ikusteko aukera emango die ikus-entzuleei. Garazi Goiak behin baino gehiagotan aipatu du BBCk zailtasunak dituela ikus-entzule gazteekin konektatzeko, eta telebista publikoa kezkatua dela Netflix, Tiktok eta beste eragile batzuen konpetentziarekin. Kontua da ea Freely plataforma berriaren eskaintza nahikoa izango ote den ala ez ikusleak nahi moduan erakartzeko.

Handien bat egitea

Zentzuzkoa da Ernotteren kezka. Europako beste telebista publiko batzuetan ere halako kezka dute. Baionakoak proposatutako plataforma bateratu gehiagoren egitasmoak iritsiko dira kontinente zaharreko herrialdeetan datozen urteetan. «Ez dut fede handirik nazioarteko zerbitzuekin elkar hartu ahal izango dugunik», dio Ernottek. AEBetako plataforma handiak koprodukzioan eta elkarlanean ari dira Europako telebista eta ekoiztetxe ugarirekin. Baina, hala ere, Ernottek ez du fede handirik horretan. Zerbaitegatik izango da. Ez hizkuntza gutxituen egoeragatik, preseski, baizik eta bidegurutzean ikusten dituelako frantses kultura eta frantses sistema.

Testuinguru horretan, AEBetako konpainia handi batzuk elkar hartuta hedatuko dira. Maiatzaren 21ean iritsiko da Max Europara, Warnerrek eta Discoveryk elkarrekin sortu duten plataforma. Bitartean, Netflix gero eta handiagoa da, eta beste plataforma batzuetako edukiak merke txertatzen ditu bere katalogo zabalean. Erraldoiak, erraldoiago. Handiak, elkartzeko asmoz. Zer aukera gelditzen zaie txikiei?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.