gorka julio
IRLEN SAREA

Sare indar kolektiboa

2017ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Gehiegitan ahazten zaigu, Internet, inter-network, sareen sarea dela. Sareaz ari garenean, sare askok osatutako sareaz ari gara. Ingeniari talde batek bere protokoloak denon eskura jarri eta bertara konektatzeko askatasuna eman zuenetik, lurralde libreenetakoa izan da Internet, gero eta eraso gehiago pairatzen dituen arren.

Enpresa handien interesek bere neutraltasunarekin amaitu nahi dute. Bestetik, gobernu askok zentsura eta kontrol neurri beldurgarriak ezarri nahi dituzte. Militarizazioa ere ematen ari da, Internet gerra arma bat bihurtuz. Efizientziaren, askatasunaren edo segurtasunaren aldeko aldarrien atzean ezkutaturik, denontzako eskubide galerak besterik ez daude.

Horri aurre egitea zaila da, baina aukerarik badago. Internet sareen sarea denez, bere izaera mantenduko duten sareak antolatzean dago gakoa. Sare publikoak izan daitezke edo azpiegitura komun bat sortzen duten ekimen komunitarioak, kolektiboak edo pribatuak. Arrakasta, aldiz, sare horien guztien lotura ematen denean gertatzen da. Helburu antzekoekin eraikitako sareak elkartu eta bata bestearen onurak partekatzen dituztenean.

Hori da zehazki, EHUk eta Guifi.net-ek lortu dutena Donostian, bertako eduroam sarea eta Guifi.net auzosare ireki, aske eta neutrala batu dituztenean. Horixe da azalduko dutena datorren asteartean, Donostiako fakultatean, Interneteko zerbitzu eta aplikazioen diseinu kooperatiboa eta eskalagarria ikertzen aritu den Leandro Navarro UPCko doktorearekin batera.

Horri esker, hemendik aurrera Guifi.net unibertsitatean erabili ahal izango da, benetako sare zabal baten gainean esperimentatzeko aukera sortuz. Aldiz, Guifi.net dagoen leku guztietan eduroam erabiltzaileek ere sarea erabili ahalko dute. Etorkizunean, sentsore sare lokalak antolatzeko aukera,zuntz optiko azpiegituren erabilpen egokiagoa egin, itsasora begirako konektibitate ikerketa proiektuak... Nahi duguna, azpiegitura denona baita.

Beharbada elkarlan publiko-komunitarioaren adibide garrantzitsuenetako bat, komunitate bizi eta bereziki aktibo dagoen Donostiako Informatika fakultateko zuzendaritzari esker. Nabaritzen da, gau eskoletan eskolak ematen eta euskal adarra aurrera ateratzen egon zirenen indarra, oraingo honetan ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.