gorka julio
Irlen sarea

Sarean bezala kalean ere

2024ko otsailaren 24a
05:00
Entzun

TV3k ekoitzitako La xarxa ultra dokumentalak aztertzen du nola eskuin muturrekoak gazteen gailu mugikorretan infiltratu diren. Influencerren eta youtuberren bidez beren ideologia zabaltzea lortzen dute.

Katalunian, Z belaunaldiko gazteen %8 eskuin muturrarekin identifikatzen dira, ikerketak adierazten duenez. Dokumentalak gazteei iristen zaizkien edukiek antifeminismo, homofobia, arrazakeria eta islamofobia kutsua dutela ere nabarmentzen du. Horretarako, TikTok bezalako plataformetan umore itxurapean, mezuak zabaltzeko eta erreakzioak eragiteko estrategiak baliatzen dituzte.

«Zure semeak Voxeko baten moduan hitz egiten badu, bere mugikorrera Estado de alarma, Wallstreetvolverine, Un tío blanco hetero iritsi direla esan nahi du...». Hala harro esaten du Infovloggerrek (370.000 jarraitzaile ditu), Espainiako eskuin muturreko lehen youtuber gisa bere burua aurkeztu duena, eta Voxen tesiak argi eta garbi defendatzen dituena: «Nire edukiaren helburua da ezkerra haserretzea eta ahoa aparrez betetzea. Azken finean, nire nortasunaren ezaugarria hitzezko erasokortasuna da. Iraina defendatzen dut».

Umore kutsuarekin izan edo amorrua pizteko mezuekin egin, mezu hauek emozioak piztera daude bideratuak eta plataforma gehienak kutsatu dituzte. «Ezkerrak ez du sare sozialetan eragin bera», azaldu du Iago Morenok, soziologo eta propaganda digitalaren ikerlariak, «bakuntasun handi baten ondorioz: malda batean ari gara jolasten. Plataforma digitalak emozio mota oso desberdinak sustatzeko eraikita daude, ezkerrak bilatzen dituenak ez bezalakoak. Erreakzioan, erasokortasunean, antagonismoan oinarritutako emozioak. Ez elkartasunean edo enpatian».

Enpatiari, elkartasunari eta komunitate eraikuntzari uko egitea dagokigu? Ez dut uste ezkerrak bide hori hartu behar duenik. Eskuinari aurre egiteko beraien kontra estrategia berak erabiltzea zilegi eta beharrezkoa da, baina aldi berean gure espazio propioak eraikitzeko esfortzua ere egin beharko genuke.

Gune seguru eta komunitateak eraikitzeko beharra inoiz baino beharrezkoagoa da, ez bakarrik eskuinaren «Fronte kulturalari» aurre egiteko, baizik eta etorri daitekeen oldarraldiari aurre egiteko ere. Esaldi kristau bat erabili beharko bagenu, itxuraldatuta honela izan liteke: sarean bezala kalean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.