Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Tabuen itsasoa

2023ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

Etxean ohartu gara azkenaldian telesailak besterik ez dugula ikusten. Telebista tradizionalak gero eta gehiago aspertzen gaituela eta, filmak ikusteko, ordu eta erditik gorako tartea eskatzen dutenez, denborarik ez dugula esaten diogu geure buruari. Telesail bat amaitutakoan, ordea, askotan ibiltzen gara hurrena zer ikusi pentsatzen, ideia finkorik gabe; eta filmen kasuan, berriz, ikusi beharrekoen zerrenda puztuz eta puztuz doa.

Gauzak horrela, astean egun bat finkatu dugu geure burua filmak ikustera behartzeko: ostegun palomiteroak deitu diogu horri. Aurreko astekoa izan zen lehena, eta gure plataformetan ikusteko nuen Paul Thomas Andersonen filmografiako izenbururik topatu ez genuenez —bide batez, norbaitek baldin badaki haren filmak non ikus daitezkeen, gabon saski bat bidaliko nioke—, Filmin zabaldu eta hor igerian hasi ginen.

Izenburu askoren artean, ezaguna egin zitzaidan batek eman zigun atentzioa. Katalana zen, eta Creatura zuen izena. Intrigaz sakatu genuen play.

Elena Martin Gimeno da Creatura filmaren zuzendari eta aktore nagusia, eta emakume baten bizitza sexuala eta horren atzean dagoen psikologia konplexua ditu ardatz. Maisutasunez erakusten ditu Martinek protagonistaren izaeraren geruzak pantailan, keinu, begirada eta erdi esanda geratzen diren erantzunez baliatuta. Horren arantzatsua den emakumezkoen sexualitatearen tabuari kisketa guztiak zabaltzen dizkio, armairuan sekreturik utzi gabe. Filmak Milaren haurtzaroa, nerabezaroa eta helduaroa zeharkatzen ditu, bakoitzean sexu esplorazioari dagokionez etapa ezberdinak, baina trauma berberak irudikatuz: sexualitatea eta desira publikoki espresatzeko beharrak, ondokoengandik datozkion errepresioak eta, ondorioz, etorkizunean horrek eragindako blokeo eta oztopoak.

Tarteka fantasiaren eremuan nabigatzen du Creatura-k, nahiz eta filma berez oso errealista izan. Etengabeko uda baten kresalak, izerdiak eta olatuek zipriztintzen dute eszena bakoitza, baita Sigmund Freuden itzal konstante batek ere. Pertsonalki, bikaina iruditu zait protagonistaren psikologia nola lantzen den filmean; nola azaleratzen den, zer ezkutatzen duten haren isiltasunek. Tarteka deseroso ere sentiarazten du. Ausarta, ederra eta zinez gomendagarria!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.