Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Telebista feminista

2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak honela dio, 2. artikuluan: «Gizaki orori dagozkio deklarazio honetan adierazitako eskubideak eta askatasun berdinak; ez da inor diskriminatuko arraza, larru kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik». Beraz, ez dut ulertzen zergatik bi musu eman behar dizkiodan mundu guztiari lan bilera baten hasieran. Ezta ere zergatik, egoera berean, gizonezkoek eskua ematen dioten elkarri. Iruditzen zait horrek jada emakumeekiko diskriminazio harremana ezartzen duela. Alegia, profesionala vs pertsonala. Horrelako egoera asko daude, askotan berbalizatu ere ezin daitezkeenak. Aspertu arte errepikatuko dut telebistak eragin izugarria duela emakumeekiko diskriminazio jarrerak indartzeko; baita errealitate horri buelta ematen laguntzeko ere. Hain zuzen, genero parekidetasun irizpide eta praktika bidez audientzia hezteko. Imajinario kolektiboa osatzen duten erreferentzia indartsuak jasotzen ditugu telebistaren bitartez, ondotik, mundua funtzionarazten duten irizpideak ezartzen direlarik. Besteak beste, emakumezkoen eta gizonezkoen rol banaketa. Gizartearen errepresentazio diren irudiek eta gizabanakoen rol banaketak elkar elikatzen dute. Zineman gauza bera gertatzen da. Kuriosoa da, hala ere, unibertsitatean emakumezkoen erreferentzia oso gutxi eman zizkigutela. Alegia, emakumeak autore eta sortzaile gisa; gidoigile edota zuzendari. Egon, badaude.

Emakumezkoak genero gutxitua gara. Munduko hainbat hizkuntzaren antzera. Mike Cormack irakasle ohia da Sabhal Mor Ostaig (Skye, Eskozia) ikasketa zentroan. Hark esan duenez, telebistak gaitasuna du hizkuntza bat biziberritzen laguntzeko eta haren gaineko iritzi negatiboak aldatzeko. Hedabidearen eragin esparru nagusien artean, honako hauek nabarmentzen ditu Cormackek: 1) sinbolikoa; 2) ekonomikoa; 3) agenda propioa eta esfera publikoa; eta 4) komunitatea irudikatzeko modua, kanpora eta barrura. Funtzio horiek guztiek ondorio politiko esanguratsuak dituzte. Horregatik, iruditzen zait badela garaia telebista feminista sortzeko; hain zuzen, tresna bat emakumeen kontrako indarkeria arazoaren tamaina murrizten laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.