Atzo estreinatu zuten, ETB3 katean, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen Sagarra da apple saio berria. Argi diotsut, ez nuen ikusi. Gaztetan izan banintz ere, egun ez bainaiz hiru pailazoen jarraitzaile sutsua. Eta bereziki, ez bainaiz goizeko 07:30ean telebista ikusi zalea. Hain zuzen, horrek harritu nau. Saio berria sortu eta goizeko ordu horretan jarri izanak. Jakin badakigu, badela pantailari begira gosaltzen duen haurrik. Eta hori ez da telebistaren eta bertako kateetako arduradunen errua. Gurasoena da, zuzenean.
Lagun batek esan zidan behin, bazuela ikastetxera egunero berandu iristen zen ikasle gaztetxo bat. Milagarrenez txirrinak jo ondoren atea zabaldu zuenean, zergatiagatik galdetu eta argi erantzun omen zion: noski, halako marrazki bizidun ez baita bederatziak arte amaitzen. Anekdota horrek asko esaten du haur horren heziketaren inguruan. Gehiegi haren gurasoen jardunaren inguruan.
Beste lagun batek, gaur egun egongelan telebista baduenak, haurrak izatean kendu egingo du. Arrazoi asko omen dago etorkizuneko erabaki horren aurrean. Benetan egin nahi du berarentzat ere sakrifizioa izango den ekintza. Gauza asko ekidin nahiko ditu, horien artean, bere txikiek telebistari begira gosaltzea. Adibidez, Sagarra da apple emanaldi berriari begira gosaltzea. Ezin dut haren edukiari buruzko iruzkinik egin, ez baitut ikusi. Hala ere, ETB3ko programazioaren arduradunek mezu lausoa zabaldu dute. Saioaren berri eman, eta astelehen goiz batez bultzatu nahi al zituzten haurrak pantailaren aurrean jartzera? Hala delakoan nago. Eta desegoki deritzot. Areago, saioak printzipioz duen funtzio hezitzailearen aurka doala esango nuke. Nola «sagarra manzana, ikatza carbón, mujer andria, ta hombre gizon», hala egin nahi baitute jauzi ingeles pixka bat irakastera. Mezua bestelakoa da. Etorri, etorri eta busti gailetak esnetan guri begira; eta zoaz, zoaz berandu ikastetxera. Ez du zertan, agian. Puztu egin dut egoera, hiperbole bihurtu. Izan liteke, ordea. Pertsonak eguna hasteko modu onena ez da, inondik inora, esnatu bezain laster telebistaren aurrean jartzea. Are gutxiago haurra izanda.
Egokiago da, hilaren 14tik aurrera egingo duten bezala, saioa 17:00etan ematea, txorizo otartekoa jan bitartean ikusteko. Baina, baliteke haurrak ingeleseko akademia batean-edo izena emanda egotea.
Ekografiak
Txorizo otartekoarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu