Hedabideen bidez jakin nuen gertatutakoa. Nazka sentitu nuen, beste behin. Nazka, telebista kate batek ikusle kuota handitzeko platora nor gonbida dezakeen ikusita; nazka, pertsona horrek harro konta dezakeena entzunda; nazka, saioko arduradunek, zur eta lur, platotik bota arren, erantzukizuna auzoan ikusten jarraitzen dutelako; nazka, oraindik, Hego Euskal Herrian, gehien ikusten den katea delako; nazka, gertakizun hark oihartzuna izan badu ere haien programazioaren zati handia delako arbuiagarri.
Tele5 kateko Salvame Deluxe saioan izan zen. Jorge Javier Vazquez aurkezlearen emanaldira telebistako saio txatxu horietako batean —La casa de tu vida— ezagun egin den emakume bat zen joatekoa. Harekin batera, haren sexu esklaboa. Hitzartu zutenaren arabera, gizonak ez zuen txintik esango, ez bada Karmele Marchante kazetariari behatzak miaztea. Ekarpen handia, inondik inora.
Hara non, platora sartu orduko mikrofono bat zuen eskuetan. Hizketan hasi, eta emakumeei tratu txarrak emana dela aitortu zuen. Baita epaileak horregatik zigortu egin zuela ere. Segurtasunekoei deitu, eta bota egin zuten. Eta aurkezleak barkamena eskatu zuen, haiek ere engainatuak izan zirela defendatuz.
Hurrengo egunetan, enegarrenez, ikus-entzuleen eta emakumeen elkarteen kexuak, Emakumeen Institutuaren salaketa eta Espainiako Gobernuko emakumeen aurkako indarkeriaren ordezkariaren errieta. Esan bezala, lehen ere izan ditu Tele5k halako ohartarazpenak. Zigorrik ez, ordea.
Eskatu zaie honako eta halako saioak programaziotik kentzeko. Ala agindu, ezin duela, esaterako, Belen Estebanen alabari buruz mintzatu eta haren irudirik erakutsi. Entzungor egiten jarraitzen dute, halakoek ematen baitiete eguneroko ogia. Baina, noski, debekuen garaian bizi garen honetan, inork ez du neurri eraginkorrik hartzen kate ezagunaren jokamoldearen aurrean. Agintariak mutu daude. Eta hedabideek eta ikus-entzuleok nahiago dugu zeresana izan gure telebistetatik katea desagerraraztea baino. Imajina ezazu, gutako bakoitzak sortzen duten edozein emankizun ikusteari uko egingo bagenio. Oihu isil egingo bagenie haien eskaintza nazkagarri zaigula. Zaila da, gurean gehien ikusitako katea baita halakoei esker.
Ekografiak
Zailtasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu