Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Zientziaren ertzak

2024ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Entzuleen podcast gogokoen artean, ikerketari buruzkoak omen daude. Misterioen eta krimenen korapiloak askatzeko lagungarriak zein nahasgarriak diren aztarnen bidez, aditzen duena irtenbide bat aurkitzera eramaten duten istorioak, edo hilketa baten zehaztasun ankerrak ezagun bihurtzen dituztenak. Atzean, istorio errealak zein fikziozkoak. Bada, bestelako ikerketa-mota da igande honetan aurkezten dizuedan saioarena, suspense gutxiagokoa, baina, zalantzarik gabe, atzean ere detektibe-lan handia duena; zientziaren ertzean dauden ikerlari bila, Ana Galarraga Aiestaranek egindakoa ez ezik, protagonista bakoitzaren ikerlerroaren atzean dagoena ere.

EITB, Elhuyar eta EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren Arloko Errektoretza elkarlanean ekoitziriko saioa dugu EHU-Ekinean podcasta. Ia hilabetero ikertzaile baten lana ezagutzeko aukera ematen digu ordu laurden bat irauten duen solasaldian. Saioaren gidariak aitortzen duen bezala, ikertzaileen irudi estereotipatu batetik ihesi, «erdigunetik kanpo geratutakoak edo kanporatuak izateko arriskua dutenak» dira bere gonbidatuak, eta bere asmoa ezagun egitea, erdigunera eramatea. Hori dela eta, ez du ezkutatzen elkarrizketatu gehienak emakumeak izango direla, «oraindik ere sistematikoki baztertuak baitira zientzia eta teknologiaren arloan». Dagoeneko argitaraturiko bederatzi saioetako seik emakume bat dute protagonista. Betaurreko moreak jantzita begiratzen baitio zientziari Ana Galarragak, Uhin Ultramoreak saioan ohitu gaituen moduan.

Emakume zientzialariak (eta beren lana) ikusgai jartzeko, eta neska gazteei erreferenteak eskaini eta ikasketa batzuetara erakartzeko kezka du Akademiak, eta noranzko horretan, EHU-Ekinean aletxo bat da. Hori garrantzitsua izanda, dorrean edo laborategian bakarturik dagoen jakintsu egozentriko gisa beharrean gizartearekin konpromisoa duten ikerlariak aurkezten dizkigula azpimarratu nahi dut. Euskaraz, gainera. Ikerketen kalitatea neurtzen duten adierazleek euskarazko ikerkuntza zokoratzera bultzatzen duen bitartean, eskertzekoa da hizkuntza ere erdigunera ekarri izana.

Ez dakit saioak gazte asko ikertzera erakarriko dituen, are gehiago ikertzaileen bidaidea prekaritatea dela jakinda. Horregatik, telemaratoi baten antolaketan oinarritzen ez den finantzazio publikoa aldarrikatuz, Galarragaren agur hitzak nireak egiten ditut: «Bitartean, ondo bizi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.