Komunikazioa

Antena3ek La Sexta beretuko du, ehun milioi euroren truke

Bat egitetik sortzen den taldean, Antena3ek kapitalaren %85 kontrolatuko du, eta La Sextak, %15

urtzi urkizu
Donostia
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Antena3 taldeak aste honetan jakinaraziko du Balorearen Merkatuaren Espainiako Batzordean La Sexta bere gain hartzeko asmoa. Hala, Antena3ek La Sexta beretuko du. Ezin da bat egiteaz hitz egin, aurrenekoak bigarrena jango baitu.

Ikus-entzunezko talde berrian, Antena3ek kapitalaren %85 kontrolatuko du, eta La Sextak, %15. Horretaz gain, La Sextako akziodunek ehun milioi euro jasoko dute operazioarengatik.

Antena3en sartzearen truke, La Sextako kudeatzaileek katearen editoriala mantentzea lortu dute. Eta, horrenbestez, programazioa ere La Sextako arduradunek erabakiko dute.

Tele5k Cuatro beretu ostean, Cuatrok behera egin eta bere izaera galdu du neurri batean. Antena3eko arduradunak horretaz jabetu dira, eta, horregatik, orain arteko bidean jarraitzea utziko diote La Sextari.

Sortzen den talde berrian, akziodun nagusiak Planeta-Agostini, RTL, Imagina (Televisa, Mediapro, Globomedia), Torreal eta WPP publizitate taldea izango dira. Sortuko den talde horrek Espainiako publizitate merkatuaren %41 kontrolatuko du. Tele eta Cuatro batzen dituen Mediaset taldeak gaur egun %43 kontrolatzen du. Bi talderen esku geldituko da, beraz, publizitate tartaren %84.

Jose Manuel Lara izango da talde berriko administrazio kontseiluko presidentea. Kontseilari ordezkaria Antena3ekoa izango da: Silvio Gonzalez. Telebistako zuzendaritza Javier Badajiren esku geldituko da; gaur egun, Antena3 Televisioneko zuzendaria da. Jose Miguel Contreras La Sextako kontseilari ordezkariak postu bat izango du administrazio kontseiluan. Bi presidenteorde egongo dira, bata Antena3ekoa eta bestea La Sextakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.