Darrin Wood (Massillion, Ohio, AEB, 1965) kazetaria da. Amerikako zein Europako hedabideekin egin du lan. Leonard Peltier kartzelaturiko ekintzaile indiarraren inguruko liburu bat eta Mumia Abu Jamal heriotzaren korridorean dagoen ekintzaile beltzaren inguruko beste bat idatzi ditu. Escuela de las Americas erakundearen inguruko ikerketa egin du, eta GAL ari da aztertzen azken urteotan. Project Censored saria eman zioten 1999an. Presos políticos en EE.UU. hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Elgoibarko kultur etxean (Gipuzkoa).
Peltierren eta Abu Jamalen soslaiei begiratu, eta oso ezberdina zaigu Bradley Manning berriemailearen kasua. AEBetako gizartearen aldaketa erakusten du horrek?
Dagoeneko ez dago AEBetan gobernuaren kontra borrokatzen den erakunderik. Pantera Beltzak eta Weather Underground bezalakorik ez dago. Bada New Black Panthers deituriko talde bat, baina ez da orduko hura bezalakoa. Bradley Manning oso egoera zailean dago. Wikileaksi armadaren agiriak eman izana leporatzen diote, eta, militarra denez, zibilei ezarri ezin zaizkien baldintzetan dute preso, eskubide gutxiago ditu, eta litekeena da bizi guztiko kartzela zigorra jasotzea.
Armadaren barneko kontu gisa aurkeztu nahi badute ere, ordain aker gisa erabiliko dute Manning, Wikileakseko buru William Assange estraditatzea lortzen ez duten bitartean?
Manningen kasuan, lehenbizi, frogatu beharko dute berak atera zuela informazioa. Horrez gain, argitu beharko dute nola lortu duen inteligentzian dabilen 20 urteko soldadu arrunt batek horrenbeste informazio ateratzea Estatu Departamentuaren ordenagailuetatik. Nola da posible hori gertatzea AEBetan? Lotsa handia sentitu zuen gobernuak horrengatik, eta Manningi ordainaraziko diote.
Manningek esan du homosexuala dela eta horregatik jazarri egin ziotela armadan. Mendeku gogoz jokatu bazuen, zuzena litzateke hura preso politiko gisa sailkatzea?
Manning preso politikoa da, atera zuen informazioak herritarren eskuetan egon behar zuelako hasieratik. 1970aren hasieran Daniel Ellsberg marine ohiak Vietnamgo gerraren inguruan Pentagonoko paperak deiturikoak atera zituen. Epaiketa irabazi zuen, azkenean, eta oso kasu garrantzitsua izan zen adierazpen askatasunerako. Ellsberg sutsu ari da orain Manning defendatzen. Beraz, gobernuen sekretukeria dago auzitan kasu honetan. Euskal Herrian ondo dakizuenez, oso zaila da gobernuek egindakoez informazioa ematea, duela 50 urtekoa bada ere.
GAL ikertzen ari zarelako diozu hori?
Bai. Zaila da informazioa lortzea. Halere, lortu dut jakitea GALen sorreran AEBetako LaRouche eskuin muturreko taldeak harremana izan zuela Jose Barrionuevorekin eta bileran Alemaniako zerbitzu sekretuetako buruaren anaia egon zela.
2001eko irailaren 11ko erasoen ondoren onarturiko legediak kalte handiagoa egin die eskubide zibilei Al-Qaedari baino. Bertan behera utziko duten itxaropenik?
Lurralde Santuko bost-en kasua interesatzen zait, esaterako. Bost palestinar dira, AEBetan bizi ziren eta Palestinako GKEei dirua bidaltzen zieten. Gobernuak Hamasi laguntzea egotzi zien. Ezin izan zuten frogatu, baina legedia horrekin dituzte kartzelan. Ez dut itxaropen handirik, askoz errazagoa baita lege bat onartzea bertan behera uztea baino.
Darrin Wood. Kazetaria
«Askoz errazagoa da salbuespen legeak onartzea bertan behera uztea baino»
AEBetako preso politikoen inguruan mintzatuko da ikerlari estatubatuarra gaur Elgoibarren. 'Manning-Wikileaks kasua' nabarmentzen du, baina GALen auzia ere ikertzen dabil aspaldi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu