Ekaitz politikoa eragin zuen atzo RTVEko Administrazio Kontseiluak asteartean harturiko neurriak. Horren bitartez, kontseilua osatzen duten politikariek eta sindikalistek albistegien edukia jakiteko aukera izango zuten, zuzenean eman aurretik. PPk proposatu zuen neurria, eta PSOEren abstentzioari esker aurrera atera zen. Kazetarien elkarte profesionalek «aurretikako zentsura» ezartzeko saioa salatu zuten, eta, atzo, erreakzio soka luzea ikusita, neurria atzera botako zutela iragarri zuten kontseiluko kideek. Gaurko aurreratu dute horretarako bilera berezia.
Madrilen inor gutxi geratu zen atzo gaiaren inguruan adierazpenik egin gabe. Erabakia «okerra» izan zela esan zuen Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenterako PSOEren hautagaiak. Administrazio Kontseiluaren hurrengo bileran neurriaren aurka bozkatuko duela iragarri zuen Rubalcabaren alderdiak.
Are ikusgarriagoa da PPren jarrera aldaketa. Rosario Lopez Miralles PPk kontseiluan duen ordezkariak proposatu zuen neurria asteazkeneko bileran, eta PPko lau ordezkarien eta CiUko bakarraren botoekin onartu zuten. Ordezkariok gaur erabakia bertan behera uzteko bozkatuko dutela agindu du alderdiak. «Jakintsuek badakite okerrak zuzentzen», esan zuen atzo Mariano Raxoi PPko hautagaiak, nahiz eta alderdiak Luis Fernandezen agintalditik (2007-2009) saiatu den neurria onartarazten.
Administrazio Kontseiluak 11 kide ditu gaur egun. PSOEk, ERCk eta CCOOk izendaturiko ordezkariek abstentzioa aukeratu zuten. Izquierda Unida eta UGTkoek kontra bozkatu zuten.
Albistegietako lankideak koordinatzeko, iNews izeneko zerbitzua dute RTVEn. Horren bidez, zein albiste jorratuko diren, izenburuak, sarrerak eta noren adierazpenak sartuko direnikus ditzakete horretan ari diren profesionalek, pasahitz baten bidez. Alderdietako eta sindikatuetako ordezkariei zerbitzu horretan sartzeko pasahitza emango zien kontseiluak onarturiko arauak.
Kontseilua, «etxera»
Administrazio Kontseiluko kideen betebeharra «hedabideon independentzia defendatzea» dela esan zuen atzo EAJk Kongresuan duen diputatu Jose Ramon Belokik. «Guztiz kontrakoa egiten ari direnez, joan daitezela etxera». EAJk ez du ordezkaririk kontseiluan.
Komunikazioa
Atzera egin dute 'Telediario' kontrolatzeko ahaleginean
RTVEko Administrazio Kontseiluko kideei albistegien edukia aldez aurretik jakiteko bidea itxiko diete berriz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu