Hamaika telebistak eta Azkue fundazioak 11.bit saio berria plazaratzea bide ematen duen hitzarmena sinatu dute. Bi elkarteen arteko elkarlanaren ondorioaizango da saioa, euskara eta azken teknologiak uztartzea helburu izango duena.
11.bit astero emango dute, ordu erdiko saioan, eta berrikuntza teknologikoek, sare sozialek, gadget berriek eta hainbat bitxikeria eta bideok izango dute lekua bertan. Rodrigo Gartzia Azkue fundazioko zuzendariaren arabera, Interneten euskararen erabileraren sustapena izango da saioaren ardatz, «modu berritzailean hizkuntza sarean josteko asmoa dugu, bereziki gazte eta nerabeei zuzenduz».
Hala, martxoaren 16tik aurrera, astezkenero, 19:45ean emango dute 11.bit. Bertan, Euskal Herritik mundura, sarearen bidez hedatu diren proiektuek tarte handia hartuko dute, Goear eta Aiaraldea.com webguneek adibidez. Albiste teknologikoek ere izango dute lekua, baita Azkue fundazioak egiten dituen ekimenek ere. Sarean dauden iPad, iPhone eta beste mila bitxikeria ere ez dira faltako, ezta informatikazaleek agendan gorriz markatuta dauzkaten ekintzak ere, Gipuzkoa Encounter edo Euskal Encouter kasu.
Urtzi Urrutikoetxea Bilboko Hamaika telebistako zuzendariak uste du telebistaren bi urtetako ibilbidean jarritako erronka ugari bete dituztela. «Euskarazko telebista desberdin, urbano eta gaztea sortu dugu, Bilbotik hasita, beste herri telebistei esker ia Bizkaia osora ailegatu, eta Euskal Herrian zehar hedatzen ari dena».
Hala ere, hiriko gazte jendearengana heltzeko oraindik ere zailtasunak dituztela onartu du, eta helburu horri begira sortu dute 11.bit saioa, «nahiz eta denetariko jendea erakartzeko ahalegina ere egin dugun».
Oraingoz, 28 saio ematea aurreikusi dute, erdia martxotik ekainera bitartean, eta beste erdia udako etenaren ondotik. Bi elkarteen arteko elkarlanari dagokionez, hasiera ona dela esan du Gartziak: «Ziur denborarekin proiektu gehiago ere garatuko ditugula».
Euskararen indarra Interneten
Gartziaren hitzetan, euskararen itzala handia da Interneten, hizkuntzak duen hiztun kopurua kontuan hartuz gero. Datuekere hala diote. Wikipedian, 278 hizkuntzen artean, 44. postuan dago euskara; Google bilatzailean 40.ean eta Interneten 38.ean. Gainera, euskal herritarren %23k euskaraz nabigatzen dute gaur egun. «Hizkuntza gutxitu batek halako datuak izatea aukera ikaragarriak ditugula esan nahi du, eta indarrak metatu behar ditugu produktu erakargarriak sortzeko», esan du Miren Dobaran Azkue fundazioko kideak.
Interneten euskarak duen itzal hori hainbat eta hainbat lagunen ardurei eta ekarpenei esker lortu dela esan du Urrutikoetxeak: «Sarean garatzen diren euskal egitasmo horiek ere lekua izan behar zuten horrelako telebista saio batean, hoien bozgorailu eta oihartzun izango gara».
Komunikazioa
Azkuerekin elkarlanean, saio berri bat estreinatuko du Hamaika telebistak
Asteazkenero, '11.bit' saioak euskarari eta teknologia berriekin lotutako gaiei egingo die tartea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu