Balentziagari buruzko telesaila ekainaren 6an hasiko dira grabatzen

Figurante eta aktore bila ari dira. Moriartiren filmetan lan egin duten teknikariak daude taldean

Bina Daigeler eta Pepo Ruiz Dorado arduratuko dira telesaileko jantzi guztien diseinuaz. VICTOR SECO / DISNEY PLUS.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Moriarti ekoiztetxeko sortzaileek telesail bat grabatuko dute Cristobal Balentziaga Getariako (Gipuzkoa) diseinatzailearen inguruan. Oraindik ez da argitu zein aktorek egingo duen Balentziagarena. Baina ekoizpenaren inguruko xehetasun batzuk ari dira azaleratzen. Grabaketak ekainaren 6tik urriaren 8ra egingo dituzte; Modfie agentziak deialdi bat egin du, telesailerako figuranteak behar dituztelako. Izan ere, lau hilabeteko grabaketetan ehunka figurante eta aktore beharko dituzte. Sei atalez osatutako telesaila izango da, eta Disney Plus plataformak datorren urtean estreinatuko du.

Grabaketak Euskal Herriko herri eta hiri hauetan egingo dituzte: Gipuzkoan, Donostian, Getarian, Oñatin, Irunen, Errenterian, Pasaian, Oiartzunen, Azpeitian, Andoainen eta Hondarribian; Bizkaian, Balmasedan eta Karrantzan; Lapurdin, Miarritzen; Nafarroan, Iruñean; eta Araban, Gasteizen. Grabaketak egingo dituzte Okzitaniako Tolosan eta Bordelen ere, eta Parisen eta Madrilen.

Disney Plusek eman ditu, bestalde, lantaldean arituko diren zenbait profesionalen izenak: Balentziagaren diseinuez Bina Daigeler diseinatzailea eta Pepo Ruiz Dorado figurinista arduratuko dira. Daigeler Alemanian jaioa da, Espainian bizi da, eta hainbat film esanguratsuren jantziez arduratu da —Mulan pelikulako jantziengatik Oscar sarietarako hautagaia izan zen—. Daigelerrek esan du «oso interesgarria» izaten ari dela ekoizpenean parte hartzea: «Balentziagak teknika eta estilo berriak sortu zituen. Gainera, telesailaren jantziak diseinatzea bi fikziorentzat aldi berean lan egitea bezala da: Balentziagaren diseinuetan egin behar da lan, eta, horrez gain, agertzen diren pertsonaia guztien jantzietan».

Lantalde teknikoan, Moriartiko zinemagileen konfiantzazko profesionalak arituko dira: Javier Agirre izango da argazki zuzendaria, eta Mikel Serrano arte zuzendaria; Iñaki Diez eta Xanti Salvador arduratuko dira soinuaz; Raul Lopez eta Maialen Sarasua arituko dira muntaketan; eta Laurent Dufreche izango da postprodukzioaren koordinatzailea. Halaber, Karmele Soler izango da makillajearen arduradun nagusia, eta orrazkerez Sergio Perez Berbel arduratuko da.

Disney Plus, iragarkiekin

Martxoan 50 urte bete ziren Cristobal Balentziaga hil zela. Disney Pluseko telesailean, diseinatzailearen bizitzako hainbat garai jasoko dituzte. Erronka handiko ekoizpena izango da, horrenbestez. Fikzioa egiteko ideia Lurdes Iglesiasena da, eta gidoilari taldean dago Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregirekin batera. Moriartiko zinemagileek egiten duten aurreneko telesaila da.

Ordainpeko plataforma da Disney Plus. Konpainiak zenbait komunikabideri esan dionez, hilabete batzuk barru harpidetza merkeago bat eskaintzen hasiko da, iragarkiekin. Ordu bakoitzeko lau minutuko iragarkiak sartuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.