Komunikazioa

BBCko eta HBOko dokumentalak gaurtik aurrera Xplora kate berrian

Aurrerantzean La Sextaren bigarren katea dokumentaletan espezializatutakoa izango da

Mota guztietako dokumentalak emango dituzte Xplora katean. LA SEXTA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Dokumentalak, docu-reality-ak eta zinema dokumentala. Eduki horiek baino ez dira izango gaurtik aurrera LTDn La Sexta2 katea zegoen lekuan. Izena ere aldatu diote kateari: Xplora. «Inork ez du dokumental eskaintza hoberik egingo», iragarri du Jose Miguel Contreras La Sextako kontseilari ordezkariak.«Discovery Max sortzeak hasieran amorru pixka bat eman zigun. Baina gero konturatu ginen albiste ona dela guretzat. Primerako emaitzak izaten ari da, eta ikusi dugu badagoela publikoa mota horretako kateentzat», dio Contrerasek. «Discovery Max, gure lehiakidea ez, osagarria izango da».

Xplorak BBC, National Geographic, History Channel, HBO, Zodiak, Fremantle, Cineflix eta Rive Gauchen dokumentalak emango ditu. Dokumentalen mila ordutik gora erosi dituzte. Hala, errepikapenak saihestu nahi dituzte, eta soilik dokumental batzuk emango dituzte aste berean behin baino gehiagotan.

LTDn doan emateaz gain, Xplora Internet bidez ere zuzenean ikusi ahalko da. «Interneten jarraitzaile asko izango ditu kateak, eskaintzen duen generoarengatik», dio La Sextako kontseilari ordezkariak.

Aurreneko egunetako eskaintzaren barnean, astearte gauetan, kamioilariei buruzko dokumental saio bat ikusi ahalko da; asteazkenetan, arriskuz betetako ehiztarien munduan barneratuko dira; ostegunetan, ezkutuko altxorrak izango dira hizpide; ostiralean, abenturaren txanda izango da; larunbatetan, naturaz gaindiko misterioen berri emango dute; eta, igandeetarako, zinema dokumentalaren eskaintza onena gordeko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.