Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Bueltan da

2023ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Bueltan dira Minnesotan jazotako gertakari erreal ez hain errealak. Bueltan da Noah Hawley eta Coen anaien arteko sinergia magikoa. Bueltan dira eszenen baitako elkarrizketetan kontatzen diren anekdota gogoangarri, bezain surrealista, bezain argigarriak. Bueltan da telebistako komedia beltzik beltzena eta protagonistei loa kentzen dieten gaizkilerik gaizkileenak. Bueltan da Fargo telesaila, oraingo honetan Movistar Plus plataformara lekualdatuta. Eta a zer nolako itzulera, lagunok.

Coen anaiek 1996. urtean zuzendutako film entzutetsuan modu lausoan oinarritutako telesailaren bosgarren denboraldiak betiko esaldiarekin hasten ditu bere atalak: «Hau benetako istorioa da. Bertan kontatutakoak Minnesotan jazo ziren 2019. urtean. Bizirik irten zirenen eskakizunez, izen batzuk aldatuak izan dira. Hildakoekiko begiruneagatik, gainontzekoa gertatu bezala kontatu da». Betidanik iruditu zait interesgarria esaldi horren erabilera; baita, gero ikusten diren gertakarien surrealismoaren ondoan, esaldi horrek berak atzean ezkutatzen duen mezua ere: telesail hau emantzat ditugun muga asko gainditzera dator. Eta halaxe izan da, beste behin.

Bosgarren denboraldiak Dorothyren arrastoa jarraitzen du: gainazalean normala dirudien etxekoandre gaztea, zeinak, berez, Roy Tillman izeneko sheriff batengandik ihesi baitaramatza hainbat urte. Aurrekoarekin gertatu ez zitzaidan bezala, honek lehen minutuetatik itsatsi nau sofara. Telesaila urrezko casting batekin datorkigu honakoan ere: Jon Hamm –Mad Men–, Juno Temple, Jennifer Jason Leigh –The hateful eight– eta Joe Keery –Stranger things– nabarmenduko nituzke taldetzar horretatik. Aurrekoetan bezala, honetan ere pertsonaien eta egoeren aldaketa etengabeak kontzentratuta egotera behartzen du ikuslea, baina tramak bere lanak egiten ditu interesa galdu ez dadin. Argazki zuzendaritza bikainak zuku guztia ateratzen dio urbanizazio elurtuen eta lautada eguzkitsuen edertasunari, irudi batzuk kasik koadro bilakatzeraino.

Fargo-k janzkera aldatu du bosgarren aldiz; baina, inondik inora espero ez den istorio bat izanda ere, arima berbera gordetzen jarraitzen du. Denboraldi bakoitza istorio itxi bat denez, aurrekoak berrikustea ez da beharrezkoa hau ikusten hasteko, gainera. Zeren zain zaude?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.