Abenduan amaitu zen ETB2n Plató 2.0 eztabaida saioa. Baleuko ekoizpen etxeak hamabi urtez egin zuen programa (aurreneko urteetan Políticamente Incorrecto izenarekin). ETBk «beste formatu batekin esperimentatu» nahi zuela azaldu zion Baleukori. Eta Trauko Management ekoizpen etxeari eman dio enkargua. Horren emaitza ostegunero ikusi ahalko da gaurtik aurrera, 23:00 aldera.
Reyes Prados aurkezle andaluziarrak gidatuko du De Boca en Boca eztabaida saio berria. Zuzendaria, berriz, Agustin Herranz izango da. Egun-egungo gaiak jorratuko dituzte, ETBren arabera «hika-mikatsuak». Gai bakoitzean adituak, politikariak, solaskideak eta pertsona anonimoak hartuko dituzte. Baleukok egiten zuen eztabaida saioan gai politikoek zuten lehentasuna. De Boca en Boca-n, aldiz, gizarte gaiak izango dira nagusi.
Ikus-entzuleek iritzia emateko aukera izango dute www.eitb.com-en dagoen programaren webgunearen bidez. Astero inkesta batean parte hartu ahalko dute ikusleek sarean, eta emaitzak saioan agertuko dira. Halaber, Twitter eta Facebook sare sozialetan ere jarraitu ahalko da saioa. Iruzkinak eta iradokizunak [email protected] helbide elektronikoaren bidez ere helaraz daitezke.
Hasteko, Urdangarin auzia
Gaur, aurreneko programan, Iñaki Urdangarinen auziaz eztabaidatuko dute. Horretarako, solaskide hauek gonbidatu dituzte: Inmaculada Sanchez El Siglo aldizkariko zuzendaria, Maria Antonia Iglesias kazetaria, Iñaki Anasagasti EAJko senataria, Arantza Furundarena kazetaria eta Jesus Urraza abokatua.
Komunikazioa
'De Boca en Boca' eztabaida saioa estreinatuko du gaur ETB2 kateak
Trauko Management ekoizpen etxeko saioa Agustin Herranzek zuzendu eta Reyes Pradosek aurkeztuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu