Komunikazioa

Donostiako eta Bilboko Aste Nagusiak, Hamaikan ikusgai abuztuan

Bihartik abuztuaren 15a arte, urte osoan egindako saio bereziak emango dituzte 'Bat eta Bat' saioaren ordez

Bilboko Aste Nagusiari buruzko saio bat egingo dute egunero Hamaikan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Gaur amaituko du denboraldia Hamaika Telebistak. Lan taldeak oporrak hartuko ditu bihartik abuztuaren 15a arte. Hala, Bat eta Bat magazinak eta beste hainbat saiok atsedena hartuko dute. Eta, haien ordez, urte osoan egin dituzten programa bereziak ikusi ahalko dira. Besteak beste, Ibilaldia, Herri Urrats, Araba Euskaraz eta 17. Korrikaren inguruan egindako saioak emango dituzte datozen asteetan.

Abuztuaren 16an, Donostiako Aste Nagusiaren inguruko ordu eta erdiko saio berezi bat aurkeztuko du Inaxio Esnaolak. Programa horretan, aurreneko eguneko kanoikada, asteburuko ekitaldiak eta piraten abordatzea agertuko dira. Piratak izango dira saioko protagonistak.

Bilboko Aste Nagusian, berriz, zuzeneko saioa egingo dute abuztuaren 22tik aurrera, egunero 17:00etatik 19:00etara. Ane Zabala kazetariak aurkeztuko du Aste Nagusia Zabalik programa. Platoan «giro alai eta informalean», lau gonbidaturen laguntzaz eguneko ekintzak eta gertatutako kontuak komentatuko dituzte. Berbaldiaz gain, saio bakoitzean elkarrizketa bat egingo dute. «Azken finean, aste bakar eta mundiala izaten da Bilbon, eta horren isla jaso nahi dugu gure saioan», azaldu du Zabalak.

Programa «arina, dinamikoa eta freskoa» izango dela aurreratu du Hamaikako aurkezleak. «Ezaugarri nagusia zuzenean egingo dugula da, protagonistak gurera ekarriz eta gu ekintzak eta ekitaldiak burutzen diren lekuetara joanez».

Eguneko erronka atala ere izango da jaietako saioan. Horretan, sei pertsona ezagunek jaietan erronka bati aurre egin beharko diote. Seiek erronka lortuz gero, ikusleek jarritako beste erronka bat burutu beharko dute Hamaikako langileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.