CodeSyntax enpresak Twitterren euskaraz argitaratzen diren mezuen datuak plazaratu ditu; Umap tresnaren bitartez egin dute neurketa. 2016ko datuen arabera, batez beste egunean 7.000 txio idatzi ziren euskaraz. Iazko datuak aintzat hartuta, 13.000-15.000 txiolari inguru aritzen dira euskaraz txiokatzen. Horietatik %66 gizonezkoak dira, eta %34, emakumezkoak.
Iaz, orotara, 2.638.154 txio argitaratu ziren euskaraz —txiolari euskaldunek idatzitakoen %42—. Txiolari horiek idatzitako mezuen %40 gaztelaniaz izan ziren; %3 inguru, ingelesez, eta %1 baino ez, frantsesez.
Txio zuzenetan %48 inguru dira euskaraz —euskal txiolariek idatzitakoen artetik—. Aldiz, euskara gutxiago erabiltzen dute txiolari euskaldunek birtxioetan —%38— eta erantzunetan —%36—. Erantzunetan beste hizkuntza batzuen eragina handiagoa da.
CodeSyntaxen neurketaren arabera, txiolari euskaldun aktiboen multzoa 2.500 ingurukoa da. Horiexek dira Twitterren nagusiki euskaraz eta maiztasun minimo batekin aritzen direnak.
Iaz gehien birtxiokatu zen txioa Enekoitz Telleria BERRIAko kazetariak bidali zuen Riotik, Maialen Chourraut prentsaurrekoan euskaraz ari zenean. Ia 900 birtxio izan zituen.
Egunero 7.000 txio idazten dira euskaraz, CodeSyntaxen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu