Duela astebete El País-ek erregulazio espediente bat aurkeztu zuen, langileen %34,5 kaleratzea proposatuz. 128 kaleratzeez gain, 59 urteko 21 langilerentzat, erretiro aurreratua. Eta gelditzen diren langileentzat, %15eko soldata jaitsiera.
Ordutik, langileak biltzen eta protestak prestatzen aritu dira. Protestaldien artean, egun batzuetarako sinadura grebara deitu zuten. El País-eko zuzendari Javier Morenok, ordea, langileei mehatxu egin zien berriemailetza batzuk kentzearekin eta estutu egin zituen sinadura greba egin ez zezaten. Gutun bat ere bidali zien, gogoratuz egunkariaren estilo liburuak jasotzen duela kazetariek artikuluak sinatu behar dituztela. Egunkariaren paperezko edizioan, halaber, atzo artikulu bat argitaratu zen —sinadurarik gabe— zuzendaritzaren bertsioa argituz, eta artikuluak ez sinatzea estilo liburua eta erredakzio estatutuaren aurka doala esanez. Asteburuan, halaber, erregulazio espedientea aipatzen zuen erredaktore baten zutabea zentsuratu du egunkariak. Atzoko egunkarian artikulu guztiak sinatu zituzten kazetariek, eta negoziazioei begira ez dutela sinadura greba egingo iragarri. Baina langileen gehiengoak onartu du Javier Moreno zuzendariaren dimisioa eskatzea. Langile batzordearen arabera, Morenok ez du «autoritate moralik» egunkaria zuzentzeko, joan den asteko presioen ostean.
Cebrianen hitzak Sao Paolon
Juan Luis Cebrian Prisako kontseilari ordezkariak honako hauadierazi du Sao Paolon: «Paperezko egunkariak egiten hilko naiz». El País-eko langile batzordeak adierazi du ondorio horrek erregulazio espedientea kentzera eraman beharko lukeela. «Errealitatetik at dago Cebrian, eta, agian, hori da Prisaren arazo ekonomikoen kausa eta ez bere langileak».
Komunikazioa
'El País'-eko langileek Javier Moreno zuzendariaren dimisioa eskatu dute
Langile batzordearen arabera, zuzendariak presio eta mehatxuak egin ditu kazetariek artikuluak sina ditzaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu