Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat telebista katetan emanaldi bereziak egingo dituzte aste honetan.
Hamaika telebistan, esate baterako, Berria TBk Esan ahala saiorako egindako mahai-ingurua ikusteko aukera izango da gaur, 23:00etan. Idurre Eskisabel kazetariak gidatuta, Miren Aranguren Bilgune Feministako koordinatzailea eta Josebe Iturrioz Medea taldeko kidea aritu ziren feminismoaz hizketan. Mahai-inguru hori Berria.info-n ere ikus daiteke. Hamaikaren Bat eta Bat saioan, bestalde, Emakumeen Egunaren gaineko erreportaje bat emango dute 21:30 aldera.
TVEn emanaldi berezi ugari prestatu dituzte aste honetarako. Gaur, La2 kateak Las sabias de la tribu Mabel Lozanok zuzendutako dokumentala emango du 21:00etan. Lan horretako protagonisten artean Carmen Alborch, Marivi Bilbao eta Rosa Regas daude. Bihar, La1 kateak Clara Campoamor, la mujer olvidada telefilma estreinatuko du 22:15ean. Laura Mañak zuzendu du lan hori, II. Errepublikaren garaian dago girotuta eta Clara Campoamorren bizitza du ardatz. Emakumearen berdintasunaren alde gogor borrokatu zen Campoamor. Emakumeek botoa izatea lortu zuen urte haietan. Elvira Minguez aktoreak jokatu du Campoamorren rola. Beste aktore protagonistak Antonio de la Torre eta Monica Lopez dira. Ostiralean, La2 kateak Igual-es sei ataletako dokumental saioa estreinatuko du. Estereotipoak hausten dituzten emakumeak dira programa horretako muina. Larunbatean, Documentos TV saioan, amen heriotza tasari buruzko erreportaje bat izango da ikusgai. Eta La noche temática-n emakumearen ziklo biologikoak aztertuko dituzte. La2 kateak, era berean, emakumeen inguruko gai bereziak landuko ditu datozen egunetan Para todos La2, Aquí hay trabajo, Babel en TVE eta Metropolis saioetan.
France2 katean, Une semaine sans les femmes saiorako, neurri bitxi bat hartu dute. Montresor izeneko herrixka txiki batean astebetez gizonak emakumerik gabe utzi dituzte, eta haiek gabe nola moldatu diren jaso dute kamerek. Veronique Mounierrek zuzendu du programa, eta gaur estreinatuko dute, 20:35ean. Kate berean, 22:20ean, Dans le coeur des femmes saioa emango dute Parisko Moulin-Rougetik.
Arte kateak Le Combat d'une femme hiru orduko telefilma emango du gaur, 20:40etik 23:40era. Hope Bridges feministaren gorabeherak kontatzen ditu lan horrek. Alemaniako aurreneko emakume medikua izan zen Bridges. Zuzendaria Martin Enlen da, eta aktore protagonista, Heike Makatsch.
Canal Historia Hego Euskal Herrian ordainpeko plataformetan ikus daitekeen kateak, bestalde, El reino de las Mujeres dokumentala estreinatuko du gaur, 19:00etan. Bihar 11:00etan errepikatu egingo dute. Txinako hego-mendebaldean bizi den gizarte matriarkal baten berri ematen du dokumentalak, mosuo gizartearena. Ezkontza kontratu formalik ez dute gizarte horretan, eta harremanak maitasun librean eta sexu asetasunean oinarritzen dituzte. Mosuo herriko hainbat emakumeren testigantzak jasoko dituzte lan horretan.
Komunikazioa
Emakumeen Egunaren harira, saio bereziak izango dira telebistan
Miren Aranguren eta Josebe Iturriozekin Berria TBn egindako mahai-ingurua gaur emango du Hamaikak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu