Donostia bakearen eta justiziaren sinbolo izango da berriro ere. Ordea, gaur eta bihar artean egingo diren ekitaldietako protagonista nagusia ez da gatazka politikoa izango: emakumeak eta teknologiak azken urteotan bakearen alde egindako lana baizik.
Ekitaldietan parte hartuko duten pertsonetako bat da Cibervoluntarios taldeko lehendakari Yolanda Rueda (Malaga, Espainia). Harekin batera, besteak beste, Michelle Bachelet (NBEko Emakumeen Saileko zuzendaria), Maria Silvestre (Emakunde) eta Maria Teresa Fernandez de la Vega (Mujeres por Africa) egongo dira, gaur arratsaldean (18:00) egingo den hasierako ekitaldian.
Bihar eta etzi, Donostiako Bakearen Etxean egonen zarete. Erreferentzia bilakatu da eraikin hau, ezta?
Dudarik gabe. Guretzat erreferentea eta ikurra da Bakearen Etxea, eta iazko urriaren 20an bertan egin zen bake konferentziak argi utzi zuen eraikinaren garrantzia. Eraikinaren garrantzi hori aprobetxatu nahi izan dugu, emakumeek mundu osoan zehar bakearen eta askatasunaren alde egin duten lana nabarmentzeko. Non egin eztabaidatzen hasi ginenean, hainbat aukera genituen, eta ez genuen zalantzarik izan: gure ekitaldia egiteko lekurik egokiena da duen sinbologismo guztiagatik.
Zertan datza biltzarra?
Bakearen, oinarrizko eskubideen eta askatasunaren alde teknologia berriek egin izan duten lana goraipatzea da gure helburu nagusia. Ez hori bakarrik; teknologia horiek erabili izan dituzten pertsonen garrantzia ere nabarmendu ohi dugu: aurten emakumeek eginikoa azpimarratuko dugu. Historian zehar, hainbat herrialdetako emakumeek lan handia egin izan dute teknologia berriekin, eta azken urteetako aldaketa garrantzitsuenetan, rol erabakigarria bete izan dute.
Azken urteotan, gizarteak egoera larria bizi du. Hori hala, emakumeak zein rol jokatzen du?
Mundu mailan dugun krisiari aurre egiteko, ezinbestekoa da emakumearen parte hartzea. Horretarako, hainbat herrialdetako jendea ekarri dugu Donostiara. Adibidez, Judith Torrea etorriko da, Ciudad Juarezen narkotrafikoaren eta krimenen inguruan lanean ibili izan den kazetaria; 2005. urtean Bakearen Nobel sarirako hautagai izan zen Jolly Okot ere izango da, emakumeek eta umeek Ugandan jasaten duten egoera larriaren inguruan hitz egiteko. Manal Hassan blogari eta Bakearen Aldeko Ikerketa Taldeko lehendakaria ere Donostian izango da.Blogen garrantzia nabarmendu nahi izan dugu, eta Hassan ez ezik, Razan Ghazzawi eta Tsering Woeser blogariak ere gonbidatu nahi izan ditugu.
Jendearen partetik, zein erantzun espero duzue?
Parte hartze handia espero dugu; Internet bidez streaming-a egingo dugu biltzarra jarraitzeko, eta, aldi berean, jendearen baloraziorako txokoa ere irekiko dugu. www.cibervoluntarios.org webgunean egongo dira aukera horiek guztiak. Twitterren ere parte hartzeko aukera izango du jendeak, #TICparalaPaz etiketa erabiliz.
Euskararen presentzia egongo al da biltzarrean?
Bai, hiru hizkuntza erabiliko ditugu biltzarrean: euskara, gaztelera eta ingelesa. Kontuan hartu behar dugu mundu osoko eta Espainiako hainbat pertsonak ere parte hartuko dutela gaur eta bihar egingo dugun biltzarrean.
Yolanda Rueda. Cibervoluntarios-eko lehendakaria
«Emakumeok urte hauetan guztiotan egin dugun lana azaleratu beharra dago»
'TIC para la paz' izeneko biltzarra gaur eta bihar egingo dute Aieteko Bakearen Etxean. Azken urteotan bakearen alde eginiko lana aztertuko dute, emakumeen eta teknologiaren ikuspegitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu