ETAren su-eten iragarpenaren inguruan askotariko iritziak entzun dira astelehenetik hona euskal komunikabideetan. Hamaika telebistak ere albistegi mamitsua egin zuen astelehen gauean, alderdi politiko guztietako iritziak bilduz. Gaurko, berriz, mahai-ingurua antolatu dute Esatea libre programan. 22:00etan hasiko da solasaldia.
Mahai-inguruko gonbidatuak honakoak izango dira: Joxe Felix Azurmendi Egin-eko zuzendari ohia eta EITBko zuzendaritzako kide ohia, Iñaki Zarraoa EITBko zuzendari ohia eta EAJko kidea, Iker Bizkarguenaga Gara egunkariko politika kazetaria, Pello Urzelai BERRIAko politika saileko arduraduna eta Josu Torre Deia-ko zutabegilea.
Mahai-inguruko moderatzailea, ohi bezala, Naroa Iturri Hamaikako kazetaria izango da.
Datorren asterako, berriz, saioan lau politikari izango dituztela aurreratu dute, egoera politikoaz hitz egiteko. Kontuan izan behar da telebista kateen artean Hamaika dela ezker abertzaleko ordezkariak solasaldietara gonbidatzen dituen bakarra. ETBko elkarrizketa politiko eta solasaldietan ez da azken urte eta erdian ezker abertzaleko ordezkaririk izan.
Radio Euskadin Rufi Etxeberria elkarrizketatu zuten abenduaren 16an. Alberto Surio EITBko zuzendariak, ordea, joan den igandean El Correo-n adierazi zuen elkarrizketa horrekin «salbuespen bat» egin zutela.
Gaurko solasaldia, Interneten
Hamaika telebistak gaur emango duen mahai-ingurua telebistaren bidez ez da Euskal Herri osora iritsiko. Bai, ordea, Internet bitartez. www.hamaika.tv webgunean solasaldia ikusteko aukera izango da mundu osoan. Gune berean datozen egunetan ere ikusi ahalko da eztabaida.
ETAren agiria aztertzeko eztabaida egingo dute gaur Hamaika telebistan
Joxe Felix Azurmendi, Iñaki Zarraoa, Iker Bizkarguenaga, Pello Urzelai eta Josu Torre gonbidatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu