Euskal Herriko Interneteko proiektuak eta bizipenak erreportaje eta elkarrizketen bitartez ehun ataletan zabaldu ostean, amaitu da Nick dut nik saioaren bidea. Astearte gauean eman zuten ETB3n azken atala, eta datozen egunetan ETB1en eta ETB2n ikusi ahalko da atal hori.
«EITBren estrategia berrian ahalegin ekonomikoak formatu klasikoetan eta publiko guztientzat direnetan egin nahi dituzte. Bide bat hartzea erabaki dute, eta gurea bezalako saioek ez dute hortokirik», azaldu du Ruben Sanchez Nick dut nik saioaren zuzendariak. «Hala ere, EITBri eskertu nahi diogu hiru urtean dibulgazio teknologikoari buruzko saio baten alde egiteagatik».
Ehun ataletan 300 elkarrizketa eta erreportajetik gora egin ditu Factoria Crossmedia ekoizpen etxeak. «Europan aurrenekoak izan gara Twitterreko mezuak zuzenean telebistan ematen. Eta hori egun munduko kate askotan egiten dute». Ehunka jarraitzaile izan ditu saioak. Horren erakusgarri programak sare sozialetan izandako oihartzuna da. «Aurrekontu mugatu batekin eta lantalde txiki profesional batekin, arrakasta izan dugu», dio Sanchezek. Buber sari bat ere eraman zuen programak 2010. urtean.
Azkeneko denboraldian honako lagun hauek aritu dira saioan lanean: Cristina Fernandez, Joxe Rojas, Eraitz Loiti, Sara Gandara, Libe Lombraña, Dabid Leon eta Iker Bengoetxea. Hiru urteotan Arantza Garces izan da aurkezlea.
Nick dut nik-en tankerako saioek «denbora behar dute heldu-tasunera iristeko», Sanche- zen aburuz. «Baina ziur nago etorkizunean ETBk gai hauek landuko dituen saio bat izango duela». Bitartean, Factoria Crossmedian Internet eta telebistarako formatuak sortzen jarraitzen dute, «ikertzen eta esperimentatzen».
Komunikazioa
ETBko 'Nick dut nik' saioa amaitu egin da, hiru urtean ehun atal egin eta gero
Factoria Crossmediaren saioa Europako lehena izan zen Twitterreko mezuak zuzenean telebistan ematen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu