Gaur amaituko da GasteizkoFesTVal telebista jaialdia, aste osoan Espainiako kateetako berrikuntzak aurkeztu eta gero. Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesa du jaialdiak, eta Gasteizen.com webguneak argitaratu duenez, antolakuntzak zabaldutako informazio guztia gaztelera hutsez dago. Iker Aranberrik Twitterren kontatu duenez, informazioa zabaltzen laguntzeko eskatu zioten. «Egitaraua gaztelera hutsean zegoenez, euskarazko bertsioa ere bidaltzeko eskatu nien. Ez dut erantzunik jaso», kontatu zuen txio batean Aranberrik irailaren 2an.
Horrez gain, antolatu diren estreinaldi, solasaldi eta aurkezpen guztiak gaztelaniaz izan dira. Gaztelaniaz egindako saioak aurkeztu dira, euskarari tarte txiki bat ere egin gabe. Laugarren urtez antolatu dute FesTVal.
Paolo Vasileren hitzaldia
Jaialdiaren barne, atzo goizean hitzaldia eman zuen Mediaseteko (Tele5) kontseilari ordezkariak. «Telebista oraindik ere herritarren bizitzan oso garrantzitsua da; jendea telebistarekin bizi da. Internetekin hiltzat jo gintuzten, baina guretzat aukera bat da, sarean asko hitz egiten baita telebistaz». Ikusle datuen eraginaz, berriz, honako hau adierazi zuen: «Audientzien kurba bat zintzoagoa da guru baten iritzia baino. Gure rola ez da heztea, konpainia egitea baizik». Antena3 eta La Sextaren bat egitearen alde azaldu zen, baina gaikako kate txikien iraupena defendatu zuen. «Dena den, ez gabiltza publizitatea ondo saltzen ari gaikako kateetan. Gure ondasuna hobeto aprobetxatu behar dugu».
TVEri buruz Vasilek esan zuen azkeneko hilabeteak gaizki joan bazaizkie hala nahi izan dutelako izan dela. «Txapeldunen Ligari dagokionez, zergatik ordaindu behar dute herritarrek kate pribatu batean doan ikus badezakete?»
Sari banaketa, gaur
FesTVal jaialdiko azken egunean, Antena3ek Gran Hotel eta El Barco telesailen denboraldi berriak aurkeztuko ditu. Principal Antzokian, berriz, amaiera gala egingo dute 20:00etatik aurrera. Mainat 2012 sariak Imanol Arias, Mercedes Mila eta El hormiguero saioari emango dizkiete. Kritikarien fikziozko sari onena Gran Hotel-entzat izango da; ez fikziozkoa Salvados-entzat; eta saio dibertigarriena, Alaska y Mario-rentzat.
Komunikazioa
Euskarak ez du inolako tarterik izan Gasteizko FesTVal jaialdian
Imanol Arias, Mercedes Mila eta 'El hormiguero' saioari Mainat sariak emango dizkiete gaur amaiera galan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu