Aurrenekoz, Festirudi izeneko jaialdia antolatu du Kanaldudek, besteak beste, euskarazko telebistagintzaren gainean eztabaidatzeko. Nafarroa Behereko Arrosa herrian egingo dute jaialdia, eta bertan denetarik izango dute: batetik, hausnarketarako beta izango da, eta, bestetik, ondo pasatzeko ekitaldiak prestatu dituzte.
Bihar arratsaldean egingo dute irekiera ofiziala. Pilota txapelketako bi finalerdien artean, 20:00etan taloa eta xingarra izango dira.
Larunbata izango da egun mamitsuena telebistaren gaiari dagokionean. 09:00etan egingo diete ongietorria parte-hartzaileei. 10:00etan, berriz, hitzaldia izango da, Euskarazko telebista gaur egun izenburupean; publikoari leku handia utziko diote parte hartzeko. Ondoren, 11:30ean, Kliklap bideo lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Eguerdian, zintzur bustitzea eta Oteiza otordua izango dira Aldudarrak Bideo elkartearen eskutik. Arratsaldean, telebistaz berriz mintzatzeko ordua helduko da. 15:30ean, telebista kate eta sareen aurkezpenean parte hartuko dute Tokiko sareko kideek, Frantziako herri telebista federazioko lagun batek eta Ipar Euskal Herrian telebistan lanean ari diren hainbat lagunek.
Igandean, pilota txapelketako finala jokatuko dute, 10:30ean. 12:30ean, berriz, zintzur bustitzea eta bazkaria izango dira.
Kliklap bideo lehiaketa
Aldudarrak Bideok antolatutako Kliklap bideo lehiaketan parte-hartzaileek uztailaren 15etik irailaren 5era arte izan dute aukera lanak bidaltzeko. Muga bost minutuko iraupena zen. Bideo guztiak www.aldudarrak-bideo.com webgunean daude ikusgai. Ikusleek eta epaimahai batek aukeratu dituzte hiru sarituak. Lehen saria bidaia bat izango da Euskal Herrian, 249 eurokoa.
KOMUNIKAZIOA
Festirudi jaialdia egingo du bihartik igandera Kanaldudek, Arrosan
Kliklap film labur lehiaketaren sariak banatuko dituzte, eta euskarazko telebistaz luze mintzatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu