Al enemigo ni agua estreinatuko dute gaur ETB2n, Igari eta Bidankoze arteko errepidea egin zuten preso antifrankistei buruzkodokumental bat. La Noche de Crónicas programaren barruan emango dute, 22:05ean. 1936ko gerraren ostean, Erronkari eta Zaraitzuko haranetara eraman zituzten ehunka preso. Igari eta Bidankoze lotzeko errepidea egiteaz gain, Bidankozetik Erronkarira doan bidea zabaltzeko lanetara ere behartu zituzten frankistek.
Antonio Cristobalek eta Pepe Azpirozek zuzendu dute dokumentala. Gidoilari lanetan, berriz, Fernando Mendiola eta Edurne Beaumont aritu dira. Francoren errepresio garaiko gatibu lanen inguruan hausnarketa egiten dute dokumentalean. Izan ere, zigor sistemaz kanpo atxilotutako preso haien egoera ez da oso ezaguna. Hego Euskal Herriko pertsona asko agintariekin harreman onak ez zituztelako edo ezkerreko militante soilak zirelako atxilotu zituzten.
Frankismoaren esklabo izan ziren milaka presoei esker, gerran suntsitu ziren azpiegitura ugari eraiki zituzten: errepideak, ubideak, aireportuak, lan hidraulikoak eta urtegiak. Erronkari aldera bi mila preso eraman zituzten.
Dokumentala eman ostean, Ander Landaburuk mahai-inguru bat gidatuko du gaiaz eztabaidatzeko. Solaskideak honako hauek izango dira: Antonio Cristobal zuzendaria, Felix Padin eta Luis Ortiz protagonistak, Fernando Mendiola eta Edurne Beaumon gidoilariak eta Ana Barrena Memoriaren Bideak kolektiboko kidea.
Komunikazioa
Frankismoko presoen gatibu lanei buruzko dokumental bat gaur ETBn
'Al enemigo ni agua' Antonio Cristobalek eta Pepe Azpirozek zuzendu dute, eta ETB2k emango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu