Kazetaria da Jaime Estevez (Madril, 1974). Agora News sareko bideoen agentzia sortu zuen 2008. urtean, Jose Antonio del Moralekin batera, eta Alcalako Unibertsitateko eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea ere bada.
Nola sortu zenuten Agora News?
Albiste agentzietan ibili nintzen lanean hainbat urtez, Efen eta Europa Pressen. Europa Presseko Interneteko arduradun izendatu ninduten, eta posizio pribilegiatua nuen ikusteko zer aldaketa ematen ari ziren kazetaritza digitalean. YouTuberen gorakadarekin, jabetu nintzen bideoak sarean jartzeko espazio garrantzitsua zegoela. 2008. urteko maiatzean, agentzia bat sortzeko unea zela pentsatu nuen. Bi kazetari kontratatu genituen, eta bideoak sortzen hasi ginen. Denbora gutxian streaming-en espezializatu ginen, eta, hain zuzen, Internet bidezko zuzeneko emanaldiak izan dira hazteko aukera eman digutenak. Gaur egun hamasei langilek osatzen dugu Agora Newseko taldea.
Zergatik hazi da hainbeste Interneteko bideoa?
Telebista izan da beti komunikabideetan errege. Interneten, duela hamar urte, testuak ziren gehien kontsumitzen zirenak, alde handiarekin. Baina hori ez zen erabiltzaileengatik, azpiegiturarengatik baizik. Banda zabalera instalatzen joan den heinean, ikus-entzunezko edukiek bere lekua hartu dute, eta oraindik ere protagonismo handiagoa izango dute. Jendeak, egun, denbora gehiago pasatzen du bideoak ikusten testuak irakurtzen baino, eta joera hori areagotu egingo da. Sakelako telefonoetan ere gauza bera gertatuko da.
Zer motatako edukiak garatzen dituzue Agora Newseko sareko kanpainetan?
Guretzat garrantzitsuena bideoaren balio soziala da. Agora Newsek ez duenez lizentzia eta espektro propiorik, jende askorengana iristeko modu bakarra osagai sozialak dira. Jendeak bideoak konpartitzea nahi dugu, sare sozialetan, blogetan eta mezu elektronikoz zabal ditzala. Hori hasieratik egin dugu, bai zuzeneko emanaldietan bai produktu edo zerbitzuen aurkezpen bideoetan. Gakoa bideo ona izatea eta edukiak interesa izatea da. Edukiak interesa duenean konpartituko du jendeak. Datozen hilabeteetan kultura eta musikaren aldeko apustua egiteko asmoa dugu, kontzertu independente eta kalitatezko erakusketen bila.
Zuen azkeneko proiektuen artean Tunisian egindako 7 días para cambiar dago. Zertan datza?
Aurreko astean agentziako talde bat Tunisian izan zen, herrialde horretan gertatu diren aldaketak jasotzeko. Konstituzio berria aztertu eta gizartearen errealitatea erretratatu dugu. Iraultza demokratikoak arrakasta izan du, eta herritarrek euren herria hartu dute bere gain.
Sare sozialek herrialde arabiarren protestetan izan duten eraginaz zer iritzi duzu?
Kontua da gobernuek informazioaren gainean zuten kontrola neurri batean galdu egin dutela. Herrialde guztietan egitura politikoek pisu handia dute informazioa kudeatzerakoan, are gehiago diktaduretan. Internetekin eta sare sozialekin, gizabanakoek eta kazetari independenteek egunero bizitzen dutena konpartitu dute. Eta kausa baten inguruan jendea biltzeak Tunisiako eta Egiptoko gobernuak botatzea lortu dute. Gardentasunaren iraultza ari da gertatzen herri horietan.
Agora Newsen ikus-entzunezko edukiak sortzen dituzue. Kontuan izanda gero eta telebista gehiago daudela Internetera konektatuta, telebistako kontsumoa aldatuko da?
Paradoxa baten aurrean gaude. LTDko lizentzia banaketekin, promesa zen eskaintza askoz handiagoa izango zela. Baina kateak enpresa tradizionalek hartu dituztenez, egitura garesti horiek ez dira errentagarriak ikusle kopuru txikien aurrean. Hala ere, horrek aukerak zabaltzen dizkigu ikus-entzunezko enpresa berriei. Egitura askoz txikiagoak ditugu. Guk beste elkarte batzuen esfortzua aprobetxatzen dugu, eduki bihurtu eta zabaldu. Ikusle kopuruak ez dira handiak, baina errentagarriak dira guretzat. Aurki telebistara eduki horiek ere iritsiko dira sarearen bidez.
Agora News eta gisako agentziek funtziona al dezakete euskaraz edo katalanez?
Bai, gakoa kosteak audientziak sortzeko ahalmenari egokitzean datza. Egitura dimensionatu behar da. Telebista tradizionalaren aurrean, Interneterako sortutako ordu batek hilabeteetarako balio dezake. Hizkuntz minorizatuentzat Internet bidezko telebista aukera handia da.
Komunikazioa. Jaime Estevez. Agora News agentziako sortzailea
«Gakoa kostua ikusleak sortzeko ahalmenera egokitzea da»
Telebista ikusteko modu berriak aztertzeko BizBAK ikastaroetan parte hartu du Estevezek, aste honetan, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu