Komunikazioa

Gero eta ordu gehiago ematen ditugu telebista ikusten, baita gazteek ere

Bost urtetik hona asko areagotu da kontsumoa, eta aurten nabarmen, 15 herrialdetan eginiko ikerketa baten arabera

Erredakzioa
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ustearen arabera, gero eta denbora gutxiago pasatzen du jendeak telebistaren aurrean, Interneten eraginez, eta hura bideo jokoekin eta sare sozialekin ordezkatzen ari da, batez ere gazteak. Usteak erdi ustel gertatzen ari direla erakutsi du munduko hamabost herrialdetan Kantar Media konpainiak eginiko ikerketa batek, ordea. Ondorioztatu dutenez, azken bost urteotan asko areagotu da telebistaren aurrean hirietako biztanleek igarotzen duten denbora, eta gazteek ere gero eta gehiago ikusten dute. Igoera are nabarmenagoa da 2011. urtearen lehen bost hilabeteetan.

Krisiarengatik dela esango dute batzuek, edo gazteek sare sozialetan dabiltzalako telebistan bitartean ikusten ari direnaz hitz egiten, agian. Baina Kantar Mediak eginiko ikerketaren emaitzak deigarriak dira oso. Danimarkako, Erresuma Batuko, Errusiako, Eslovakiako, Espainiako, Estoniako, Filipinetako, Finlandiako, Israelgo, Letoniako, Lituaniako, Norvegiako, Poloniako, Singapurko eta Vietnamgo4 urtetik gorakoen ohiturak aztertu dituzte, 10.000 biztanletik gorako hirietan.

Lau herrialde nabarmentzen dira emaitzetan: Filipinak — ia sei ordu pasatzen dituzte telebistaren aurrean—, Singapur —lau pasatxo— eta Estonia eta Espainia —lau ordu—. Europako estatuen artean, Espainiako gazteek ikusten dute gehien telebista. 2006. urtean, 155 minutu pasatzen zituzten egunero telebistaren aurrean, eta aurten, 164.

Azterturiko gainontzeko herrialdeetan, kopuruak aldatzen badira ere, joera antzekoa dela ikusten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.