Goiena Telebistak erreportaje landuen aldeko apustua egingo du

Union Cerrajerak Debagoienean izan zuen eraginari buruzko lan bat estreinatuko dute bihar

Union Cerrajera enpresaren inguruko erreportajearen irudi bat. GOIENA TELEBISTA.
urtzi urkizu
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Tresnerian inbertsioak egin, platoa goitik behera berritu eta eduki formatu berrien aldeko apustua egingo du denboraldi honetan Goiena Telebistak. «Gertuko istorioen kontaketaren aldeko apustua egin nahi dugu, baina modu landuagoan», iragarri du Oihane Agirre Goiena Telebistako programazio zuzendariak. Sakon landuko dituzte gaiak erreportaje eta dokumental formatuan.

Denboraldiko aurreneko erreportaje landua mintzapraktika egitasmoaren ingurukoa izan zen. Bihar gauean, berriz, Josu Bilbao kazetariak Union Cerrajera enpresak Debagoiena eskualdean izan zuen eraginari buruz egindako lana estreinatuko dute. Fabrikan lan egin zuten hainbat langile azalduko dira hizketan. Enpresaren historia, urrezko urteak azalduko dira, eta beherakadari eta desagertu arte emandako pausoei ere gainbegiratua egingo diete protagonistek. Arrasateko (Gipuzkoa) lantegiez gain, Bergarako (Gipuzkoa) labe garaiek izan zuten garrantzia aztertuko du Bilbaok erreportajean. Etorkizunaren gaineko hausnarketa ere bilduko du.

Agirrek iragarri du hilero erreportaje landu bat estreinatuko dutela. «Bi lan berri ari gara ekoizten. Aurreko bi urteotan, era horretako lau erreportaje egin ditugu, eta horietako bi sarituak izan dira. Bide horren aldeko apustua egin dugu, erraza izan ez arren».

Kiroletan ere, erreportajeak

Gizarte gaiei ez ezik, Goiena Telebistak kirolari ere lotutako erreportaje landuak egingo ditu datozen hilabeteetan. #HMRT saioa kirol gaiak hizpide hartuta bueltatuko da programaziora. Hileko azken asteazkenetan, Xabier Urzelai kazetariak hainbat kirolen gaineko ikuspuntu berezia landuko du. Debagoieneko eskalatzaileen ingurukoa izango da erreportaje bat, eta auto lasterketetan ari diren herritarrekin ere ari da lan bat prestatzen.

Kirol arloko emankizun gehiago izango da Goiena Telebistan datozen hilabeteetan: Xistera saioan zesta partidak emango dituzte.

Bestalde, Mondragon Unibertsitateko ikasleek sortutako Bide batez saioa estreinatuko du Debagoieneko telebistak denboraldi honetan. «Bi ikasle izango dira saio horretako protagonistak. Bi egunetan bete beharreko ibilbide jakin bat helburu, haien bizipenak bertatik bertara ezagutuko dituzte ikus-entzuleek».

Kulturrizketak saioa —Rikardo Arregi saria jaso du aurten— Goienara itzuliko da denboraldi honetan. Agirrek esan du «benetan» sinesten dutela formatu horretan. «Zorionez, oraindik hainbat diziplinatako sortzaile ugari ditugu gonbidatuen zerrendan. Euskal kultura eta euskal sortzaileak hurbiltzeko balio du programak».

Azpiegiturei dagokienez, telebistako platoa eraberritu dute. Javier Larreina eszenografoa arduratu da platoaren diseinuaz eta muntatzeaz. Argiztapenean ere inbertsio handiak egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.